Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Zinema Fantastikoa hizpide, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit'en

EITB

Bilboko FANT jaialdiaren 25. urtemugan, antolatzaileekin eta zenbait zinegileekin izango da saioaren lantaldea.

  • EITB Kultura Transit

    EITB Kultura Transit

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 25 urte bete ditu aurten. Antolatzaileen esanetan, friki gutxi batzuen kontua izatetik hirian erabat errotuta dagoen zinema jaialdia izatera igaro da. 'EiTB Kultura Transit' saioan mende laurden honetan jaialdiak izan duen bilakaeraz arituko dira: besteak beste, genero fantastikoak eta beldurrezkoak, zineman zein telebistan, oso osasun ona dutela diote.

Fred Dekker, Aitzol Saratxaga eta Carolina Helisgard zinema zuzendariek, bestalde, zinema mota honetan azken urteotan egin diren zenbait lan aukeratu dizkigute, aparteko irudimen ariketa eskatu duten filmak direlako.

Keu Agirretxeren proposamenak

Ondarroako Portuko Ranpi kultur espaziora eraman gaitu Keu Agirretxea musikariak. Espazioak eskaintzen duen adina ekintza topatuko du bertan bisitariak: kontzertuak, skate espazioa, umeentzat ekimenak...

Ondarroako musikariak udazkenean argitaratzeko asmoa du disko berria: Ura eta bakea. Proposamenei dagokionez, John Frusciante eta Faith No More banden lanak ditu kutun; literaturan, El pájaro pintado eta Basa; ikus-entzunezkoetan, Timbuktu filma eta Marina Abramovicen The artist is present dokumentala.

Idoia Grijalbo zeramikagilea

Amaitzeko, Idoia Grijalboren zeramika lana ezagutu du saioak. Hogei urte baino gehiago daramatza buztina lantzen, eta oraindik lehen egunean bezalako ilusio eta ikasteko grina duela dio. Enkarguak, erabilgarri diren pieza bakarrak eta esperimentazio lanak sortzen ditu, ikasgela ere bilakatzen den bere tailerrean.

Pieza baten sortze lana ikusi dugu, buztin orea lantzetik hasi eta labetik ateratzeraino. Parkean Arte denda, galeria eta tailer funtzioa dituen gunean murgiltzera gonbidatzen zaitugu.

'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.