Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Paula Cazenave DJ eta produktore donostiarra, gaur gauean, 'EiTB Kultura' saioan
EiTB
Pello Artabare abeslariaren musika proposamenak ere ezagutuko dituzte, eta 'Napar death' filmaz arituko dira.
-
'EiTB Kultura Transit'en logoa. Irudia: EiTB
Paula Cazenave DJ eta produktore donostiarrak 20 urte bete berri ditu techno musikaren munduan. 1990eko hamarkadan bere kabuz ikasi zuen DJa izateko, eta orduan sartu zen technoaren eszenan. Bi hamarkada hauetan ibilbide oparoa izan du espainiar estatuan eta Europan, besteak beste, Herbehereetako Awakening festibal entzutetsuan aritu da, eta zigilu propioarekin egiten du lan orain. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izan da 'EiTB Kultura' saioa berarekin, eta technoak garai gozoa izan duela kontatu du, nahiz eta urte hauetan guztietan gorabehera handia izan.
Musika dute ardatz Pello Artabe Eskean Kristö abeslariaren proposamenek. Arratiarrak Durangoko Hitz liburu-dendara eraman du programaren lantaldea, eta Galdu arte liburuaz eta Bosgarren Haria bildumaz hitz egin du bertan. Filmetan, Alan Parkerrek 1990eko hamarkadan zuzendutako The Commitments eta Dave Grohlen Sound city dokumentalaz hitz egin du; musikan, berriz, Santana eta Bombinoren rock melodiez.
Bestalde, 'EiTB Kultura' Beñat Iturrioz eta Xabi Padinekin elkartu da Hernanin, eta Napar death filmak ixten duen trilogia aurkeztu dute. Ironia, umorea, zonbiak, banpiroak eta pertsonaia historikoak batzen dituen koktela dute esku artean, bederatzi urteko zikloari amaiera emateko. Ataun of the dead-ekin hasi zuten bidaia, Zumalakarregi berpiztuz; Joxean´s hil eben etorri zen gero, Agirre lehendakari banpiroa protagonista; eta Napar death-en Antso Azkarraren momiari jarraika ibili dira.
Auzolanean sortutako filmaz lagun-artean aritu dira, ezin zitekeen bestela izan, filmeko zenbait protagonista ere gerturatu baitzaizkigu grabaketara.
'EiTB Kultura' ETB1 (23:45), ETB2 (01:05) eta eitb.eus-en dago ikusgai ostegun gauetan.