Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

'Akelarre' pelikularen filmazioan izango da aste honetako 'EiTB Kultura Transit'

EITB

Horrez gain, Samara Velte kazetariaren gomendio kulturalak eta Maialen Belaustegi Dodoma sortzailearen lana ezagutuko du saioak.

  • 'Akelarre' pelikularen filmazioa. Irudia: EiTB

    'Akelarre' pelikularen filmazioa. Irudia: EiTB

Pablo Agüero zuzendari argentinarra Euskal Herrian ari da bere pelikula berria filmatzen: Akelarre. XVII. mendean girotutako filma da, eta sorgintzat hartu zituzten emakume gazte batzuen eta beren aurka egin zen epaiketaren istorioa kontatzen du. Agüerok duela hamar urte ezagutu zuen Euskal Herrian gertatu zen sorgin ehiza, eta azken urteak eman ditu pelikulak kontatzen duen istorioa prestatzen.

Zazpi astez ari dira filmatzen Euskal Herriko zenbait lekutan. 'EiTB Kultura Transit' Saran egin duten grabaketan izan da lantaldearekin. Gaur egun ere zenbait pertsonak bizi duten jazarpenarekin aise alderatu daitekeen istorioa omen da Akelarre, diotenez. Duela lau mende girotua egonagatik, gaurkotasunik ez zaio falta.

Samara Velte

Nik sinesten dizut liburua kaleratu berri duen Samara Velte kazetari eta ikerlariak bere kultur gomendioak emango dizkigu. Hasteko, Cat Power musikaria entzutera eraman gaitu Zarauzko Garoa liburu-dendara, erreferente duen espazioa baita. Bertan, Nerea Barjolaren Microfísica sexista del poder eta Chimamanda Ngozi Adichie-ren Americanah liburuez, Solitudes antzerkiaz eta The Hours filmaz hitz egingo digu, besteak beste.

Maialen Belaustegi, Dodoma

Maialen Belaustegik, Dodomak, arte ederrak ikasi eta Argentinan egindako egonaldi batean deskubritu zuen bere pasioa: kontzertu, ekitaldi eta emanaldietan zuzeneko proiekzio artistikoak egitea. Eta orain hori da eibartarraren ogibidea, bideo-jockeya.

Bergarako Elektronika Topaketei buruz aritu da, baita etxetzat duen Eibarko gaztetxeaz edo bidean lagundu dioten beste hainbat lagunez ere. Eta, batez ere, Jokin Azpiazu Carballo (berau proiektuaren alma materra delarik) eta Ander Barriusorekin batera parte hartzen duen musika proiektuaz: Olor. Dena, parekorik ez duen gune autogestionatu batean: Azkoitiko Matadeixen.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauean izango da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.