Itxi

Goenkale

Goenkale

Goenkale

Telesaila

'Goenkale'ren azken atala,gaur gauean

M.A.

EITB

ETB1eko fikzioa uda ostean itzuliko da programaziora pertsonaia eta argumentu berriekin.

0:29

Gaur gauean Euskal Telebistako lehen kateak 'Goenkale' telesailaren denboraldiko azken atala eskainiko du. Irailean itzuliko da euskarazko fikzioa 20. denboraldiarekin.

Azken emanaldi honetan  datorren denboraldian argitzen joango diren hainbat egoera planteatuko dituzte. Ibonek, adibidez, arriskuak arrisku ebakuntzarekin aurrera egitea erabakiko du, eta berriro ere oinez ibiliko ote den jakiteko itxaron beharko dute ikus-entzuleek. Aurrerago jakingo dugu ere Itxasorekin bueltatuko den ala ez.

Bestalde, baserrian sutea piztea leporatuko diote Asuni, eta bere aurka egin diren salaketengatik kartzelara joateko arriskua du.

Beste pertsonaia batzuek euren eta ingurukoen bizitzen norabideak aldatuko dituzten erabakiak hartuko dituzte. Mireiak, kasurako, ebakuntza arriskutsua dela jakinda, bere ahizparen bizitza salbatzen ahaleginduko ote den erabaki beharko du. Emaile izateari uko egiten badio, Esther ahizpa erremediorik gabe hil egingo da.

Gainera, iraganean hartutako zenbait erabakiek etorkizunean eragin latza izango dute; Inesen kasuan esaterako. Jonek Batis traizionatu duela eta, azken honek, mendeku hartzeko Ines bahitu du. Laster topatu ezean, emakumearen egoera hil edo biziko izango da.

Irailean, 'Goenkale' ETB1era bueltatuko da denboraldi berri batekin. Itzulera berezia izango da, izan ere, telesailak 20. urteurrena beteko du. Jazoera aipagarri hau behar bezala ospatzeko hainbat emanaldi berezi prestatuko dira. Telesailarekin lotura zuzena izango badute ere, argumentu independenteak jorratuko dituzte.

Egun,'Goenkale'ren arduradunak, datorren denboraldian agertuko diren pertsonaia berriak antzeztuko dituzten aktoreen bila dabiltza hainbat kastingetan. Telesailaren jarraitzaileek istorio berriak eta pertsonaia berriak izango dituzte zain irailetik aurrera.