Gu Ta Gutarrak
Ezuste handia
Aitor eta Joseba kanporatu dituzte
I.A.
Aukera bere eskuetan izan arren, Aitorrek ez du bere burua salbatu, eta Janire jarri du arriskutik kanpo. Azkenean, Oskar, Joseba eta Aitorren artean izan da hiruretatik bat salbatzeko aukera.
Iragarrita zegoen hasieratik "Gu Ta Gutarrak"en zegoen lagun batek saioa utziko zuela, baina inork ez zuen espero Aitor izango zenik. Berarekin batera utzi du saioa Joseba Campanok, bi kanporatu izan baititugu.
Baina, has gaitezen hasieratik, saioa bero-bero abiatu baita. Joan den saioan Aitor arriskuan jartzeak hainbat lagun haserretu zituen, eta Julenek galdera bota du: Ba al dago estrategiarik talde urdinean? Txurru haserre dago bere laguna saioa uzteko arriskuan dagoelako, baina berak ere bere estrategiak erabiltzen ditu talde arrosan.
Janire salbatu du Aitorrek
Ondoren, gaurko kanporaketei begira funtsezko garrantzia izan duen sorpresa baten berri izan dugu. Julenek esan duenez, Morgako Aterpetxean kutxa bat ezkutatu zuten saoko arduradunek, eta kutxa hori aurkitzen zuen lagunak izugarrizko erabakia izango zuen bere esku. Aitorrek aurkitu zuen kaxa, eta hona hemen saria: 4 izendatuen artean 1 salbatzeko aukera zuen, bere burua barne. Ongi pentsatzeko gomendatu diote Billabonakoari: Txurruk esan dio erabakiari buelta bat emateko, agian hobe zela bere burua salbatu ordez beste lagunen bat arriskutik kanpo uztea. Izan ere, lehiakideek Aitor salbatuko zutela uste zuen Txurruk. Enarak aldiz, inozoa ez izateko eta bere burua arriskutik kanpo uztea eskatu dio. Dena den, mundu guztia ezustean harrapatu du gaztearen erabakiak: Janire salbatu du Aitorrek. Beraz, Oskarrek, Josebak eta Aitorrek berak arriskuan jarratzen zuten.
Janire erabat hunkitu da Billabonakoak bera salbatu duelako, eta eskerrak eman dizkio. Baina, Julenek aurreratu du kanporaketa berezia izango zela, bi lagun botako zituztelako.
Aitor eta Joseba, kanporatuta
Eta bai, kanporaketa ezohikoa izan da: erabakia ez zegoen guztien esku, arriskuan zeuden hiru lagunen esku baizik. Hori entzunda, berri txarrak espero zituzten Aitorren lagun minenek, batez ere Enarak.
Beraz, Oskar, Aitor eta Josebaren esku zegoen erabakia: Oskarrek Joseba salbatzea erabaki du, Josebak Oskarren izena eman du, eta Aitorrek ere gauza bera egin du. Ondorioz, Oskar arriskutik kanpo gelditu da, eta Aitor eta Joseba kanporatu dituzte.
Negar malkoak nonahi
Aitor badoala entzun dutenean giroa gainbehera etorri da platoan. Gutar gehienak negarrez hasi dira, lehiakide jatorrenetako batek alde egin behar zuelako. Txurruri ere negar malkoak atera zaizkio, eta azkenean platotik haserre alde egin du. Aitorrek ere malko batzuk bota ditu: "Gu Ta Gutarrak"en esperientzia ezin hobea bizi duela adierazi du, eta, nola ez, izugarrizko neska-laguna aurkitu duela. Saiotik kanpo, berriz ere pilotan murgilduko dela esan du, izan ere, bere mailak behera egin duela ohartarazi diote.
Zorionak Oskar. Eta agur Joseba eta Aitor. Plazer bat izan da zuek saioan izatea.