Gu Ta Gutarrak
Lehiakide berria
Ainara Fuertesek hartuko du Nahiara Cerrok utzitako lekua
EiTB
'Gu Ta Gutarrak'en bigarren denboraldiko lehen kanporatua izan da Nahiara legorretarra. Taldean integratu ez izana leporatzen zioten gainerako partaideek.
Ainara Fuertes iruindarra dugu lehiakide berria 'Gu Ta Gutarrak' saioan. Nahiara Cerro legorretarrak utzitako lekua hartuko du ETB1eko saioan.
Izan ere, legorretarra izan da 'Gu Ta Gutarrak' saioko bigarren denboraldiko lehen kanporatua. Nahikoa argi zeukan berak aurreko egunetan kanporatu egingo zutela eta sumatzen zuena gertatu dela adierazi du.
Saioaren hasieran, Amaiur eta Maider salbatu dituzte talde urdineko eta arrosako kideek. Beraz, Urbieta eta Nahiara gelditu dira arriskuan. Azkenean, bi taldeen artean, Nahiara kanporatzea erabaki dute.
Gutxi parte hartu izana eta taldetik kanpo gelditu izana leporatu diote gutarrek legorretako neskari. Enararen lehengusina den arren, ez da jatorrenaren taldean egongo. Neska lotsatia dela esan du berak eta denbora behar duela talde baten aurrean irekitzeko. Eta 'Gu Ta Gutarrak' saioan ez du horretarako astirik izan.
Ainara Fuertes, Iruñakoa
Nahiararen ordez, lehiakide berri bat daukagu Julen Telleriak gidatzen duen saioan. Ainara Fuertes du izena, 18 urte ditu eta Arte Ederretako ikaslea da. Denerako prest dator Iruñako gaztea; izan ere, kameren aurrean zer ez lukeen egingo bururatzen ez zaiola esan du aurkezpenean.