Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

AUDIENTZIA

84.000 lagunek ikusi zuten, uneren batean, 'Gu Ta Gutarrak'en finala

A.E.

EiTB

Euskaldunen %10,6ak ikusi zuen apirilaren 8an ETB1en eman zen bigarren denboraldiaren finala. Eta interneten ere joera izan zen euskaldunen artean.

Arrakasta handiarekin jarraitzen du 'Gu ta Gutarrak' saioak. Apirilaren 8an, ETB1en emititu zen finalarekin, uneren batean, 84.000 lagunek egin zuten bat EAEn eta eragin esparruan. Eta euskaldunen artean %10,6k ikusi zuen.

Arrakasta hori interneten ere nabaritu zen. Twitterren ehunka txio bota ziren finalaren orduan #gutagutarrak traolarekin, eta euskal tuiterlarien jarioa aztertzen duen umap.eu erremintaren arabera, joera izan zen finalaren garaian.

Udazkenean hasi zen Julen Telleriak aurkezten duen telebista saio arrakastatsua, eta atzo bigarren denboraldiko finala jokatu zuten. Euskal Herriko kuadrilla jatorrena nork osatzen duen erabaki zen bertan: Leku izendatu zuten jatorretan jatorrena eta berarekin batera sartu ziren koadrilan Beitia, Ager, Leire eta Eneko ere. Gutarburu gustukoen, aldiz, Txurru izan zen.

Hau guztia ikus-entzuleek eitb.eus-en emandako botoei esker erabaki zen hein handi batean. Hainbat egunez gutarrik gustukoena eta gutarbururik gustukoena nor duten aukeratu behar izan dute jarraitzaileek. Inkestaren emaitzen arabera, Iñaki Lekuonak, Lekuk, merezi du jatorrenaren txapela, botoen %28,94rekin (9.664 boto). Gutarburu onenaren txapela, ostera, Txurruk jantzi zuen, jarraitzaileen botoen %60a eskuratuta.

Apirilaren 13an jarriko da martxan saioaren 3. edizioa. Hala ere, 'Gu ta Gutarrak'eko kidea izateko casting-ak oraindik ere zabalik daude. Gutarra izan nahiez gero, 659756187 zenbakira whatsapp bat bidaltzea edo gutagutarrak@eitb.eus helbide elektronikora idaztea nahikoa da.