Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gaur gauean

Josu protagonista, 'Gu ta Gutarrak'eko atal hunkigarrian

EiTB

Josuren testigantza gogor eta hunkigarria entzungo dugu saioan gaur, Urretxuko gazteak hiesak jota galdu baitzituen gurasoak.

0:55

'Gu ta Gutarrak' saioak ez du atsedenik hartuko igande honetan. Nafarroa Oinez festan izango dira egun osoan zehar, eta, horrez gain, atal hunkigarria eskainiko dute gaur gauean, ETB1en.

Gaurko atalak Josuren testigantza gogor eta hunkigarria jasoko du. Urretxuko gazteak hiesaren ondorioz gurasoak galdu zitueneko oroimenak ekarriko ditu gogora, eta gaixotasun larri horren inguruan arituko dira gutarrak saio berezi honetan, 21:00etatik aurrera.

Josu: "Hiesak gurasoak hil zizkidan"

Urretxuko gutarrak, Josuk, bihotza zabalduko du igandean, platoan egingo dioten elkarrizketa batean, eta bere bizitzako bizipenik gogorrenaren testigantza emango du.

Umetan galdu zituen gurasoak Josuk, hiesak jota. Aita hil zenean, lau urte zituen; ama hil zenean, berriz, sei. Gurasoak galdu zituenetik, osaba eta izebarekin bizi izan da Josu, eta gurasotzat ditu gaur egun.

Elkarrizketa honetan jakingo dugu Josuk nola jaso zuen bere gurasoen heriotzaren berri, zer sentitu zuen, nola sentitzen duen gurasoen falta, eta, azken batean, nola baldintzatu zuen erabat hiesak bere bizitza. Testigantza honi esker, Urretxuko gutarrak gurasoen heriotzaren inguruko egia guztia kontatu eta bere herrian dabiltzan txutxu-mutxuak isilarazi nahi ditu.

Zenbaterainoko informazioa dute gazteek hiesaren inguruan? Ba al dakite nola kutsatzen den? Sexu-harremanetan, kondoia erabiltzen al dute? Gai horietaz ere hitz egingo dute gutarrek saio berezi honetan. Halaber, Asier Lekuona (Acasgi Hiesaren kontrako Gipuzkoako Elkarte Hiritarreko kidea) Orioko aterpetxean izan da gure gazteekin solasean.

Urteetan hiesak jotakoen kopuruak behera egin badu ere, 2014an 152 kasu berri antzeman ditu Osakidetzak, eta kasuen erdiek baino gehiagok diagnostiko berantiarra izan dute. Guztira, gaur egun, 3.102 kasu ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan.

Emozio handiko gaua izango da, gutarrak, kuxkuxeroak eta ikus-entzuleak hunkituko dituena.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista