Gure Amaren Etxea
Estreinaldia
ETB1ek "Gure Amaren Etxea" historia eta arkitektura uztartzen dituen saioa estreinatuko du gaur
Programa honek ikusleak bidaia berezian murgilduko ditu, eraikinak eta haien historia deskubrituz, baita nola eraldatu diren gaur egungo erabilerarako ere.
Anartz Ormaza arkitektoak eta Marije Pacho historialariak aurkeztuko dute datorren asteartean estreinatuko den "Gure Amaren Etxea" saioa. Euskal Herriko hainbat eraikin bisitatuko dituzte, toki guztietako memoria arkitektoniko eta kulturalaren isla diren espazioak ezagutuz.
Aurkezle bikoteak eraikin bakoitzaren ikuspegi osatua eskainiko du: Marije Pacho historialariak anekdotak, gertakari historikoak eta eraikinaren bizitza markatu duten testuinguruak azalduko ditu; arkitektoak, berriz, berreskurapen prozesuak eta jatorrizko elementuak nola mantendu diren erakutsiko ditu, modernitatearekin uztartuz.
Gainera, programak jabeen, bizilagunen eta auzokideen esperientziak jasoko ditu, eraikin horiek komunitatean duten eragina ulertzen laguntzeko. Era berean, berreraikuntza prozesuan parte hartzen duten artisau, ingeniari eta teknikarien lana ere azaleratuko da. Ikuspegi dibulgatzailea duen saio honek erakutsi nahi du eraikin historikoak bizirik diren historiaren eta lurraldeen identitatearen lekuko direla, eta nola eguneroko bizitzan integratuta dauden oraindik.
Lehenengo atalean, Durangoko Etxezuri eraikina eta Ispasterreko Aixerrota ezagutuko ditugu. Durangoko Etxezuri barrutik erakutsiko duten lehen aldia izango da, eta Ispasterreko Aixerrota Euskal Herrian zutik dirauten haize errota bakarrenetakoa da.
"Gure Amaren Etxea" 22:15ean izango da ikusgai, asteartero, ETB1en.

