Itxi

Gure Kasa

Gure Kasa

Gure Kasa

21:30ean

Petti abeslari eta gitarra-jotzailea 'Gure Kasa'n izango da gaur gauean

EiTB

Telleria anaiekin luze eta zabal ariko da bere ibilbide profesionalaz, eta zuzeneko emanaldia ere eskainiko du platoan.

  • Petti kantaria

    Petti kantaria

Petti abeslari eta gitarra-jotzaile nafar ezaguna izango dute gonbidatu 'Gure Kasa' saioa gaur gauean. Bere ibilbide luzean, rock, folk-rock, post-rock, rhythm and blues, country eta minimalismo estiloetan entzun ahal izan dugu Berako musikaria. Batik bat, bakarka aritu izan da, baina hainbat kolaborazio ere egin ditu, besteak beste, Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin. Telleria anaiekin luze eta zabal ariko da bere ibilbide profesionalaz, eta zuzeneko emanaldia ere eskainiko du 'Gure Kasa'ko platoan.

Iban Garciak edertasun-aholkuak emango ditu Interneten topatu dituen produkturik bitxienekin. Beti bezala, umore onez eta xelebrekeriaz beteta egingo du bere eguneroko bideoa Azkoitiko youtuberrak.

Isma Pereirak gezurra/egia jolasa proposatuko dio Pettiri, eta Telleria anaien kontra aritu beharko du. Jon Garate kalera atera da, eta herritarrik bitxienen momenturik surrealistenak ekarriko ditu bere erreportajean.

Egunero bezala, 'galdera marroia' egingo diote gonbidatuari. Izerdi hotza botako ote du Pettik galdera hori erantzuteko?

Maddalen Arzallus Hernanin izan da Abestien zaindaria atala grabatzen, eta hango hainbat abeslari eta musikarekin bildu da: Ainara Ortega, Andoni Tolosa Morau eta Joxan Goikoetxearekin, besteak beste. Hernaniko sehaska-kantu bat kantatuko du Arzallusek erreportajean, eta platoan ere abestuko du Pettirekin batera.

Nahiara Gagok artxiboa astinduko du, eta gonbidatuaren sekretuak agertuko ditu, inork espero ez dituenak. Nolakoa zen Petti duela 20 urte? Nola erreakzionatuko du Nahiarak 'Bertatik Bertara' saioko 1999ko irudi batzuk jartzen dizkionean?

'Gure Kasa' astelehenetik ostegunera izaten da ikusgai, 21:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.