Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

21:30ean

Arrieta ezagutuko dute gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EITB

Han-hemenka topatzen dituzten herritarrak hobeto ezagutzen saiatuko dira Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga.

Aste honetan, Pagadik eta Zuhaitzek Bizkaiko Arrieta herrira egingo dute bisita 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. 23 auzok osatzen dute Arrieta udalerria, eta herriaren erdigunea Libao auzoa da. Bertatik abiatuko dira Pagadi eta Zuhaitz, han-hemenka topatzen dituzten herritarrak hobeto ezagutzera.

Pagadik Bigarren Mundu Gerraren garaiko Jeep Willys baten jabea ezagutuko du, eta auto historiko hori erabiliko du Arrietako bidexketatik gora eta behera ibiltzeko. Bidean, 250 behiz osatutako behitegi erraldoi bat bisitatuko du. Libao auzora bueltan, ogia etxez-etxe banatzen ibiltzen den okinari bere lana egiten lagunduko dio. Hainbat ogi eta egunkari banatu ondoren, alkateak Aita Patxi beatifikatzeko kanpainaren berri emango dio Pagadiri. Victoriano Gondra Muruaga, Aita Patxi, 1910ean Arrietan jaio zen apaiz pasiotarra izan zen. Gerra Zibilean, euskal gudarien ondoan ibili ohi zen, aldare mugikorra hartuta, gudu-zelaian meza ematen, eta gerra amaitutakoan, pobreei eta gaixoei laguntza ematen. Arrietako herriak hiru mirari behar ditu Vatikanoak Aita Patxi santu izenda dezan.

Herri txikietan beti izaten da herritarren eguneroko joan-etorriak beste inork baino hobeto ezagutzen dituen bizilagunen bat. Zuhaitzek pertsona hori ezagutuko du; horren etxeko leihoa behatoki ezin hobea da herriko plazatik igarotzen den oro kontrolpean edukitzeko. Ezkontzera doan bikote batekin ere solastuko da Zuhaitz. Senargaia Alemaniakoa da, eta emaztegaia, berriz, palentziarra. Hain urrutitik etorrita, Arrieta euren bizitoki zergatik bihurtu duten kontatu diote Zuhaitzi. Horrez gain, Libaoko plazako iturrian, Arrietako uraren kalitate ezin hobea dastatu ahal izango du Zuhaitzek, eta ondoko tabernan kafetxoa hartzen ari diren Arrietako amerikanoekin ingeles ikastaro azkarra jasoko du. Arrietako 'McGiver' eta haren semearen eskutik, herriarentzako fabrikatu zuten parrila erraldoia ezagutuko du saioak. Parrila horren inguruan, trikitixaren doinupean, eta ardo eta jaki goxoz inguratuta amaituko dute eguna Pagadik eta Zuhaitzek Arrietan.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emititzen da, 21:30ean, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista