Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Itziar, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EITB

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi ganadutegi bateko kamioian iritsiko dira Itziarrera.

0:25

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Itziarren (Gipuzkoa) izango dira gaur Zuhaitz eta Pagadi, Debako lurretan dagoen tokiko entitate txikian. Ganadutegi bateko kamioian sartuta ailegatuko dira bertara. Bidaia ondo lagunduta egingo dute gainera, hainbat zezenkorekin partekatu beharko baitute ibilgailua.

Zuhaitzek Joxepa ezagututa hasiko du eguna. Joxepak malgutasun ariketak egiten ditu egunero. Bere ustez, etxean ohikoak diren mahai, armairu eta oheak aski dira gimnasioaren tankerako zerbait izateko. Joxepa izugarri malgu dago eta ariketa fisikoa egiten jarriko du Zuhaitz. Baserri eremu urrunetara aldenduta, Joxe ezagutuko du Zuhaitzek. Goitik beherako baserritarra da Joxe, bizitza baserririk gabe ulertu ezin duen herritarra. Kezka nagusi bat du, ordea: baserriak atzerakada nabarmena izan du Euskal Herrian eta beldur da joera hori ez ote den amaierara arte iritsiko. Bitartean, Joxek, baina, guztia eskaintzen dio baserriari. Herri ingurura itzulita, Agustina ezagutuko du Zuhaitzek. Emakume indartsua da Agustina. Bere 89 urteekin, sarri joaten da etxetik Itziarko elizara arte oinez hainbat kilometro eginda. Bere kemenaren erakusgarri da egurra aizkorarekin txikitzeko duen dohaina. Azkenik, Itziarko herritarrek ezkutatzen dituzten teoria filosofiko bitxiak ezagutuko ditu Zuhaitzek. Horrelakoxea baita Fausto herritarra, filosofo xamarra. Bere esanetan, gizakiak elikadura murriztera egingo du harik eta astean behin jango duen arte.

Pagadik, berriz, Itziar pertsona-izenaren jatorria arakatzen hasiko du eguna. Zigor herritarrak kontatuko dizkio Itziarko sekretu guztiak, nola amabirjina azaldu zen eta nola hainbat eskaintza egin izan zitzaizkion. Baina amabirjinarena, antza, ez omen da Itziarren izandako aparizio bakarra. Diotenez, 'kurbako neska' ere azaldu izan da inguruetako bihurguneetan. Lasturko inguruetara hurbilduta, misterio gehiago ezagutuko ditu Pagadik. Bertako elkartean telefonoarentzako estaldura lortzeko trikimailua erakutsiko dio Maitanek. Sakelakoa edalontzi batean sartzen dute, bertan estaldura lortu ahal izateko. Kostaldera joanda, aldiz, Mari Karmen ezagutuko du Pagadik. Mari Karmen sarri joaten da Itziarko kostaldera lapak hartzera. Maite du lapak hartzea eta maite du berauek jatea. Lapak nola batzen dituen erakutsiko dio. Berriro ere Lasturrera itzulita, Bixenterekin egin du topo. Bixentek dioenez, Lastur Euskal Herriko hiriburua da; zezen-jokoen hiriburua zehazki, bere esanetan, Lasturko zezen plazan sortu baitziren gerora zezenketa bilakatuko ziren zezen-jokoak.

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ohi bezala, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.