Hitzetik hortzera
Gaur
'Ez gara palestinaz ari' ekimenaz, 'Hitzetik Hortzera' saioan
A.A.
EITB
Xabier Lizasoren eta Andoni Egañaren 'Bi arreba' ikuskizuna ere hizpide izango dute.
-
Jon Artano Ander Lizarralde eta Unai Muñoarekin
Aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioak bertsogintza mundutik sortutako bi emanaldi berezi izango ditu ardatz: Ez gara palestinaz ari eta Bi arreba.
Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek sortutako ekimena da Ez gara palestinaz ari. Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin batera, bertsoa, musika, antzerkia, poesia... uztartzen dituzte bere buruaz hitz egiteko. Bere barne mundua azaldu nahi izan dute.
Andoainen aurrestreinaldian izan da 'Hitzetik Hortzera'. Aurretik ordea, eguna elkarrekin pasa dute bi bertsolari protagonistek eta Jon Artanok. Zergatik biluztu nahi duten horrela, jendaurrean, Zer duten kontatzeko. Zer da gizonkeriatik gizontzera pasa nahi hori...
Andoaingo Bastero Kultur Etxean, bere beldurrak, desirak, konplexuak, frustrazioak eta minak azaldu zituzten gero tonu probokatzaile batean, eta bertaratu ziren, lagun, ezagunei ez zien hutsik egin.
Xabier Lizaso pianojoleak eta Andoni Egañak udazkenetik hona daramate bertsoa eta musika uztartzen dituen Bi arreba emanaldia eskaintzen.
Elizondora bertaratu zirenek, giro goxo batean, Xenpelarrren bertsoak, Chopinen musika eta Egañaren bertso jarriez gozatu ahal izan zuten.
'Hitzetik Hortzera' saioa gaur bazkalostean dago ikusgai ETB-1en eta une oro EITB Nahieranen.


