Hitzetik hortzera
15:00etan
Arabako finalera eramango gaitu, gaur, 'Hitzetik Hortzera'k
EiTB
Larunbatean jokatuko da Gasteizko Principal antzokian 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala eta han jasotako bertsoaldiak eta txapeldunaren hitzak eskainiko ditu igandean telebista programak.
-
Finalera iritsi diren bertsolariak
Txapelketen zikloan Arabarena da hurrengo katebegia eta, hala, Iruñean bizitako Nafarroako finaletik, Arabako finalera eramango gaitu 'Hitzetik Hortzera'k, Gasteizera. 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren bitartez, Arabako bertsogintzak bertsolaritzan eta euskalgintzan urratutako bidearen eta eraikitako zubien garrantzia goraipatu nahi da. Araian zubia zeharkatzen hasi, eta bidean Zigoitia, Aramaio, Legutio eta Dulantzi igaro ondoren iritsiko da Gasteizera.
Finalean, oholtza gainean izango dira Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Oihane Perea, Peru Abarrategi eta Xabi Igoa. Oier Suarezek egingo ditu aurkezle lanak eta Marta Ugartek emango dizkie gaiak bertsolariei. Larunbatean izango da hitzordua Gasteizko Principal antzokian, 17:30ean.
Txapeldunarekin solasean
Arabako bertsogintzan parte-hartze esanguratsua izan duten lagunak ariko dira finalean sariak ematen. Bertsolaritzaren aldeko lan ezkutu baina handi hori egiten duten eragileen ordezkari gisa, Lierni Altuna aramaioarrak jantziko dio txapela irabazleari.
Behin txapela jantzita, txapeldunarekin izango da solasean 'Hitzetik Hortzera': nori eskainiko dio azken agurra? saioko zein unetan sentituko ote da erosoen?
Galdera horien erantzunak, bertso doinuz jantzita, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; eta, zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EiTB Nahieranen.