Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Denboraldi berria

Gaur itzuliko da "Hitzetik Hortzera", 21:00etan

EiTB

Larunbatetan eskainiko da bertsolaritza saioa, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

0:27
Eider Perez

Hogeita hamaikagarren denboraldiari ekingo dio "Hitzetik Hortzera" saioak 2020ko udazkenaren atarian. Eider Perez aurkezleak jarraituko du programako gidari, eta hark aurkeztuko dizkigu bertsolaritzaren inguruan lanean ari diren hamaika lagun eta kontu.

Saioko aulki gorrian eseriko zaizkigu denboraldia osatuko duten 26 saioetako protagonistak. Ohi bezala, ordea, bertsoa izango du mami saioak, eta bertso plazako ale esanguratsuenak ekarriko ditu pantailara.

Hitzorduan izango da aldaketa nagusia aurtengo denboraldian: larunbat ilunabarrak hartuko ditu "Hitzetik Hortzera" saioak ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etatik aurrera.

Irailetik martxoaren bukaerara arte izango diren emanaldi berrien eta bertso ekitaldien hitzorduak aurreratuko dizkigu saioak, eta, bertso-eskolako kideek gogoan dituzten bertsoaldi kuttunak ezagutuko ditugu. Iaz Maialen Lujanbio eta Igor Elortza bertsolariekin egin bezala, aurten ere izango da bertsolari bati loturiko programa berezirik, baita txapelketen ingurukoak ere; udazkenean aurreikusten diren Xilabaren eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketen ingurukoak, kasu.  

Iparragirreren jaiotzaren urteurrena, bertso plazaren alde laborala, bertso paperen iragana eta oraina... izango da zer ikusi, zer entzun eta zeri bertsotan egin aurtengo denboraldian ere, larunbatean hasi eta martxoaren bukaerara arte.

1. atala, "Plaza berri baten bueltan"

Denboraldi berriaren hasiera plazarentzako garai arraroan dator, COVID-19ak bertsolaritza ere gogor astindu du; horregatik, orain arte bizitakoak eta bizitakoari buruzko bertsolarien hausnarketak izango ditu lehenengo saioak hizpide. 

Bertsolaritza ere arrarotu du koronabirusak eta birusaren neurrietara egokitu dira bertso saioak fase bakoitzean. Birtualak izan ziren hasieran (tartean izan ziren, online saioak); eta aurrez aurreko ikus-entzulerik gabekoak etorri ziren ondoren, Euskal Herriko zenbait antzoki eta aretotan antolaturikoak, besteak beste. Edukiera mugatuko plazen garaian abiatzen da "Hitzetik Hortzera"ren denboraldi berria, galdera ikur formako udazkenaren atarian.

Larunbateko programan, martxotik honako bizipenek utzitako gorputzaldien eta erronken inguruan arituko dira, Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Peru Abarrategi bertsolariekin.

Bertsoaldi kuttuna, Beratik bertsozaleen bertsoaldi kuttunenak zeintzuk diren jakiten jarraituko du saioak. Beran Ane, Ekhiñe, Lide eta Nimbe Bortzirietako bertso-eskolako kideak ezagutuko ditugu. Beraien bertsoaldi kuttuna zein den esango digute.

Plazak gutxitu diren arren, bertsoaldiak ez dira faltako. Maiatzean Antzuolan egin zen jendaurreko lehen saiotik hasi, uztailean Ereñotzuko plazan urteroko jaialdiarekin segi, eta, abuztuan, Donostian antolatu zen saioetako bat ikusteko aukera izango da. Gerora etorri diren Gasteizko, Ondarroako eta Lizartzako saioetako aleak ere eskainiko dira. 

Irailaren 12an etxeko egongelara sartuko da "Hitzetik Hortzera" bertsolaritza saioa, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.