Hitzetik hortzera
Bertsolaritza
'Bertsolari' aldizkariak 30 urte, "Hitzetik Hortzera" saioan, asteburuan
EITB Media
Aldizkariaren sortzaile izan zen Joxean Agirrerekin eta gaur egun edizioan dabilen Beñat Hach Embarekekin elkartuko da Eider Perez.
-
Beñat Hach Embarek eta Joxean Agirre Eider Perezekin. Argazkia: Bertsozale Elkartea
30 urte beteko ditu aurten Bertsolari aldizkariak. Agerkariaren sortzaile izan zen Joxean Agirre eta gaur egun edizioan dabilen Beñat Hach Embarek elkartuko dituzte aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan. Eider Perezekin batera, 30 urte hauetako bitxikeriez, aldaketez eta denetariko gaiez solastatuko dira.
Bertsolari aldizkariaren ibilbidearen hasieran ezinbesteko izan zen Joxean Agirrek eginiko lana, eta berarekin batera hasierako urte horietako esperientziak ezagutuko dituzte. Orain, esku gazteagoek kudeatzen dute publikazioa: Beñat Hach Embarek arduratzen da urtaro bakoitzeko edizioaren koordinazioaz.
1991ko udaberrian argitaratu zen Bertsolari aldizkariaren aurreneko alea, azalean Mañukorta bizarra egiten ageri zena. Ordutik, 120 ale argitaratu dituzte, eta azaleko argazki bereziak bihurtu dira aldizkariaren sinbolo. Ale bakoitza urtaroz urtaro berezi egiten duten aniztasun, atal eta ezaugarriak ezagutuko dituzte aste honetako programan.
Tolosa eta Getaria
Horrez gain, plazak eskainitako ale onenak ere bilduko dituzte, nola ez. Aste honetan Tolosako saioaz gain, Getariako saioko hautaketa ere entzuteko aukera izango dute zaleek; baita Iruñeko Bertso Eguneko bertsoren bat edo beste ere. Bertsoaldi Kuttunaren atalean, ALBEko kide den Peio Lago gazteak azken Txapelketa Nagusiko finala ekarriko du gogora, Aitor Sarriegiren bakarkakoa, hain zuzen ere.
"Hitzetik Hortzera" ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan.