Ihesaldia
Ekoizpen berria
'Ihesaldia' telesaila aurkeztu du ETBk Durangoko Azokan
EiTB
1976an Basauriko kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi saiakera oinarri duen ekoizpena abenduaren 15ean estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en.
54. Durangoko Azokaren baitan, 'Ihesaldia' telesaila aurkeztu du gaur (abenduak 7) Euskal Telebistak. 1976an Basauriko kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi saiakera oinarri duen bost ataleko ekoizpena abenduaren 15ean estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en.
Jabi Elortegik zuzendu eta ETBk eta Pausokak ekoiztu duten telesailaren aurkezpena Durangoko Azokan kokatutako EiTB Gunean egin da. Bertan, Elortegirekin batera, Edu Barinaga Euskal Telebistako zuzendariak eta Aitor Borobia, Jon Ander Alonso, Xabi 'Jabato' Lopez, Nerea Gorriti eta Miren Arrieta aktoreek hartu dute parte.
Arratsaldean, telesailaren lehen atalaren aurrestreinaldia egingo da Zugaza zine aretoan, Irudienearen programazioaren barruan, 19:00etan. Gorka Garcia ETBren Programa eta Arte zuzendariak egingo dio sarrera emanaldiari.
Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, kontakizun askea
1976. urtean, Basauriko kartzelako preso talde batek bertatik ihes egiten zuenaren itxura egin zuen. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Egiazko gertakizun horiek oinarri hartuta, kontakizun askea sortu dute gidoilariek. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dira, eta protagonisten izenak ere aldatu egin dituzte.
Iñigo Aranbarri eta Xabi Perurena dira Iheslaria telesaileko protagonistetako bi: Peio Arzamendik eta Josean Uriondok ETAko kide iheslarien papera egiten dute. Xabi 'Jabato' López eta Aitor Borobia aktoreak Diego Rojas 'Fugas' eta Julian Izagirre pertsonaiak dira, ihesaldian parte hartu zuen preso arruntak. Ihes egingo duen taldeko kide dira, halaber, Jon Ander Alonso (PCEko kide Xabi Garcia de Ibar gisa) eta Aitor Beltran (kartzelan ETAko buru Mikel 'Beltza' gisa).
Aktore nagusien zerrenda Nerea Gorritik (Ana Duo, Peioren emaztea), Miren Arrietak (Mertxe Rojas, 'Fugas'en arreba), Paco Revueltasek (Juarez, kartzelako zuzendaria), Miren Gojenolak eta Mikel Laskurainek osatzen dute; azken bi horiek Peioren gurasoen rolean.
Basauriko kartzelan dauden bost presok ihes egin dutela sinestaraziko diote mundu guztiari. Haatik, asteak pasako dituzte teilatu zuloan ezkutatuta, egunez lo eginez eta gauez tunela zulatzen.
Egiazko istorio bat oinarri hartuta, gertakizun horren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, eta janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi dituen ETAren zuzendaritzaren presioa; ustez ihes eginda dauden presoen familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa ihesaldiak bere lan-ibilbidea kaltetu ez dezan.
'Ihesaldia' abenduaren 15etik 19ra eskainiko da, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.