Ihesaldia
Otsailaren 27tik aurrera
"Ihesaldia" telesaila Estatu Batuetan ikusi ahal izango da otsailaren 27tik aurrera
EITB Media
Jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango da Flix Latino plataforma bidez.
-
"Ihesaldia". Argazkia: Pausoka
Otsailaren 27tik aurrera, Pausokak ekoitzitako "Ihesaldia" telesaila Estatu Batuetan ikusi ahal izango da, jatorrizko bertsioan, Flix Latino plataforma bidez.
Lehen aldia da euskarazko telesail bat Estatu Batuetako plataforma batean ikus daitekeela, nahiz eta aurretik "Aitaren etxea" ikusi ahal izan zen Grezian, ERT kate publikoan.
"Ihesaldia" EITBk minisail formatuan kalitatezko fikzioaren alde egindako apustuaren parte da. "Ihesaldia" 2019ko abenduan estreinatu zen; eta, 2020an, ETB1ek "Alardea", "Hondar ahoak" eta "Altsasu" minisailak estreinatu ditu, azken hori TV3rekin koprodukzioan. Gaur egun Katalunian emititzen da.
Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, kontakizun askea
1976ko abenduan Basauriko (Bizkaia) kartzelan gertatutako gertakari batean oinarrituta, bost ataleko minisailak bost presoren ihesa kontatzen du. Espainiako Gobernuak agindutako amnistia orokorra baino egun batzuk lehenago, ETAko bi preso, PCEko bat eta bi preso arrunt elkartu egin ziren, orain arteko ihesaldi harrigarrienetako bat egiteko.
Iñigo Aranbarri eta Xabier Perurena dira "Ihesaldia" telesaileko protagonistetako bi: Peio Arzamendi eta Josean Uriondo etakide iheslariak gorpuzten dituzte. Xabi 'Jabato' López eta Aitor Borobia aktoreak Diego Rojas 'Fugas' eta Julian Izagirre dira, ihesaldian parte hartu zuten preso arruntak. Taldeko bereko kide dira, halaber, Jon Ander Alonso (PCEko kide zen Xabi Garcia de Ibar gorpuzten du) eta Aitor Beltran (Mikel 'Beltza' ETAko burua da telesailean).
Aktore nagusien zerrenda Nerea Gorriti (Ana Duo, Peioren emaztea), Miren Arrieta (Mertxe Rojas, 'Fugas'en arreba), Paco Revueltas (Juarez, kartzelako zuzendaria), Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreek osatzen dute, azken bi horiek Peioren gurasoen rolean.
Basauriko kartzelan dauden bost presok ihes egin dutela sinetsaraziko diote mundu guztiari. Haatik, asteak pasatuko dituzte teilatuko zulo batean ezkutatuta, egunez lo egiten eta gauez tunela zulatzen.
Egiazko istorio bat oinarri hartuta, gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden etakideak kontrolatu nahi dituen ETAko zuzendaritzaren presioak; ustez ihes eginda dauden preso horien familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa, ihesaldiak bere lan-ibilbideari kalterik egin ez diezaion.