Irabazi arte
Aurrestreinaldia
"Irabazi Arte!" fikzio berria aurkezteko aurrestreinaldiak, asteburuan, Bilbon eta Iruñean
EITB Media
"Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte!". Telesailak neska gaztetxoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta otsailaren 11n estreinatuko da telebistan.
-
"Irabazi Arte" telesailaren protagonistak Gasteizko aurrestreinaldian.
Euskal Telebistak otsailaren 11n estreinatuko du "Irabazi Arte!" euskarazko fikzio berria, eta gazteei zuzendutako bi aurrestreinaldi eskainiko ditu Bilbon eta Iruñean, telesailean parte hartu duten aktore protagonisten partaidetzarekin.
Larunbatean, otsailaren 5ean, Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko da telesailaren lehen atalaren aurrestreinaldia, 12:00etan. Sarrera guztiak agortuta daude eta bertan izango dira protagonista nagusiak, horien artean, Sua Enparantza, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano, Aritz Basterra, Ibai Ugarte, Ander Rovira eta Patricia Urrutia.
Igandean, otsailaren 6an, Iruñeko Baluarten bigarren aurrestreinaldia egingo dute, 12:00etan. Honetan ere aktore protagonistak izango dira: besteak beste, Sua Enparantza, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Aritz Basterra, Ibai Ugarte, Ander Rovira eta Joana Garitano. Ekitaldi honetarako ere gonbidapenak agortu dira.
Bi aurrestreinaldiak telesailaren ekoizpenean parte hartu duten erakunde eta enpresen eskutik egingo ditu Euskal Telebistak; horien artean, Emakunde Emakumearen Euskal Institutua, Laboral Kutxa, Basque Team, El Corte Inglés eta JOMA.
Fikzio berria, ETB1en
"Irabazi Arte" telesailak neska gazteen futbol-talde bat hartzen du oinarri. Protagonisten bitartez, gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko ditu, hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia, eta, oro har, gaur egungo nerabeek dituzten erronkak islatuko dituzte.
Musikak garrantzia berezia izango du ekoizpen honetan. Alde batetik, Chill Mafia kolektibo nafarreko Irenek, Kiliki Frexkok eta Suneok egin dute karetako abestia. Bestalde, egungo euskal talde garrantzitsuenetako batzuen musika tartekatuko da. Besteak beste, lehen atalean ZETAK, Bengo eta Omagoren abestiak entzungo dira, Oso Polita diskoetxearen eskutik.
Aski ezaguna den "Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte". Javier Garcia de Vicuña da zuzendaria, eta Sua Enparantza, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz ditu protagonista nagusi, besteak beste.
Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Zerbitzu publiko izaera uztartuz, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin bat egin du EITBk, gazteei eta publiko familiarrari zuzendutako euskarazko fikzio honen garapenean. Horrekin batera, sorreratik bere gain hartu duen funtzio soziala betetzea ere funtsezkoa du EITBk.