Eusko Label Winter Series
22:30ean
'Jai Alai: Azken hegaldia' dokumentalaren bigarren atala izango da ikusgai gaur gauean
EITB Media
Zestaren Euskal Herrirako itzulera eta aro berriaren hasiera nola bizi duten aztertuko dute.
Hamarkadetan zehar Euskal Herriko gazte zestalariek profesionalak izatearekin eta Amerikak egin ahal izatearekin amesten zuten. Floridako kantxa jendetsuetan onenen aurka egunero jokatzen, baina ametsa amaitu da eta galdera berriei aurre egiteko garaia da. Zer gertatzen da orain zestalari horiekin, eta, batez ere, zer gertatuko da zestarekin? Zein erronka eta amets berri eraiki gure kirola salbatzeko? Astelehen honetan eskainiko den Jai Alai: Azken hegaldia dokumentalaren bigarren atalak aurreko asteko hiru protagonisten jarraipena egiten du, haien ziurgabetasuna eta hemengo bizitza berrira nola egokitzen saiatzen diren erakutsiz.
Jai Alai Winter Series neguko txapelketa berriaren sorrera deskubrituko dute, gure protagonistek bilatzen zuten aukera bikaina izan daitekeena. Zale gehiago sortu eta publiko berri bati heldu nahi dion txapelketa.
Bitartean, Eneritz Lizardi gazteak kontatu du nola hamazazpi urterekin Euskal Herriko zirkuituko jokalaririk zaharrena den. Gaztea izan arren, dagoeneko badaki berak eta bere lagunek egiten duten bideak belaunaldi berri bati irekiko dizkiola ateak.
Floridatik itzultzen diren hiru pilotari eta etorkizun handiko nerabe batek zestaren egungo errealitatea eta gure lurraldean berriro erreferente izateko ahalegina erakusten digute. Zalantzarik gabe, aro berri baten hasiera da.
Jai Alai: Azken hegaldia dokumentala astelehenean, 22:30ean, izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.