sautrela
15:00etatik aurrera
Prousten obra aztergai, gaurko 'Sautrela' saioan
A.H.
EITB
Horrez gain, poesia kontuak ere aztertuko dituzte eta Aritz Mutiozabalek argitaratu berri duen Gorren dantzalekua poema-bildum ezagutuko dute.
Aste honetako 'Sautrela' saioan Prousten obraren garrantziaz arituko dira. Izan ere, XX. mendeko literatur lan handienetako bat argitaratu dela ehun urte bete dira aurten. Ehun urte dira Marcel Prousten Denbora galduaren bila-ren lehen liburukia, Swann-enetik, argitaratu zela, 1913ko azaroaren 14an, Parisen. Liburu hori euskarara 2010an ekarri zuen Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaileak. Zergatik da Proust eta bere obra hain handi? Nolakoa da Prousten idazkera hainbestetan aipatua? Zer zailtasun dakartza euskararatzeko? Izan al du eraginik euskal letretan Prousten ekarriak?
Saioaren bigarren zatian, poesia kontuak izango dituzte nagusi. Alde batetik, Aritz Mutiozabal zarauztarra elkarrizketatu dute. Berriki plazaratu du Maiatz argitaletxea medio Gorren dantzalekua poema-bilduma. Esan daiteke honakoa dela bere lehen liburua, eta beraz, autore berri bat ezagutzeko parada ederra izango du 'Sautrela'k.
Beñat Sarasolak, berriz, poema-liburu bat berreskuratuko du: Amaia Lasa eta Mikel Lasa anaia-arrebek 1971an ateratako Poema bilduma. Liburu berezia da, egun ia eskuraezina dena liburutegiez kanpo, eta bi poeten lana iruzkinduko du Sarasolak.
'Sautrela' gaur izango da ikusgai ETB1en, 15:00etan.