Itxi

sautrela

15:00etan

Argitaletxe berrien inguruan, gaur, 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Meettok, Denonartean edo eta Pasazaite argitaletxeen lanean murgilduko da saioa, egun eguneko euskal industria editorialaren nondik norakoak aztertuz.

Aste honetako 'Sautrela' saioa argitaletxe berrien inguruan arituko da. Alarma hotsak ari dira entzuten azken urteotan industria editorialean: geroz eta gutxiago saltzen dela, tiradak murriztu behar direla, argitaletxe handiak txikiak irensten ari direla, argitaldari independenteak desagertzen, etab. Liburu elektronikoaren balizko goraldia eta horrek ekar lezakeen paperaren beheraldia ez aipatzearren. Panorama aski apokaliptikoa marrazten dute ez gutxik. Euskal literaturaren munduan, gainera, egoera orokor horrek are eragin handiago dauka merkatuaren txikian.

Aitzitik, sortu sortu dira azken boladan zenbait editorial txiki berri gure artean. Liburu bereziak argitaratzen dituzte zenbaitek, itzulpenak beste batzuek, baina denek ere xumeki baina hutsik gabe eskaintzen dute urtero titulu berri interesgarririk. Argitaletxe horietako batzuk dira Meettok, Denonartean edo eta Pasazaite, eta arestian aipatutako egoera latz horretan halako egitasmoak sortzera nola animatu diren azalduko dute 'Sautrela'n. Nola egiten duten beren proiektu horiek ekonomikoki bideragarriak izateko? Nola zabaldu eta saltzen dituzten liburuak? Ze harrera duten publikoaren aldetik?

Erreportajearen ondoren, Beñat Sarasolak euskal literaturako nobela beltz sonatuenetako bat ekarriko du: Gotzon Garateren Izurri berria. 1981ean argitaratu zen liburu horrek Bilbon kokatutako polizia-istorio bat kontatzen du Haitz Zumeta detektibe protagonistaren ahotik. Prostituzioa, drogak, ustelkeria... nobela beltzetako elementuak aurkitzen dira kontakizunean, 80. hamarkadako Bilbo grisean kokatua.

'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera ETB1en.