Itxi

sautrela

15:00etan

Iñigo Astiz egilearen obraz eta ibilbideaz, gaurko 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Dadaismoaren ezaugarri eta egile garrantzitsuenak aztertuko ditu saioak, besteak beste.

  • Hasier Etxeberria

    Hasier Etxeberria

Iñigo Astiz kazetari eta idazlearen ibilbidean barrena murgilduko da gaurko 'Sautrela' saioa. Astiz kazetaria da ogibidez, Berria egunkariko langilea, baina aspalditik datorkio literatur zaletasuna. Ez da idazten hasiberria, baina duela bi urte argitaratu zuen bere estreinako obra: Baita hondakinak ere. Poema liburu nabarmentzekoa, poesia zaleek harrera beroa egin ziotena. Hala, liburuak soka luzea izan du, eta orain gutxi liburuan oinarritutako ikuskizuna estreinatu dute Astiz berak eta Mikel Ayerbek. Hondakindegia izena du ikuskizunak eta, esan bezala, liburu hartako testuak dira haren bizkarrezur. Honetaz gain, aurreko urteko akabera aldera itzulpen bat publikatu zuen Astizek Denonartean argitaletxean. Poesiazkoa hau ere, hain zuzen ere, Silvia Plath poeta estatubatuarraren Ariel liburu sonatua ekarri zuen euskarara poetaren beste zenbait poema lagun. Bere lehenengo liburu hartaz eta gainontzeko egitasmoez mintzatuko da Astiz egilea, 15:00etatik aurrera.

Erreportajean, XX. mende hasierako abangoardia erradikalenetako batengan jarriko du 'Sautrela'k harrera: dadaismoan. I. Mundu Gerra bitartean sortua Zuricheko Cabaret Voltaire jada mitikoan, ondorengo hamarkadetako artean eta literaturan eragin azpimarragarria izan zuen mugimendua izan zen. Duela hilabete batzuk dadaismoaren manifestuaren bi euskarapen argitaratu ziren, Danele Sarriugarte eta Koldo Izagirrek eginak, eta hori eta dadaista handienetako baten, Tristan Tzararen, heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena profitatuz gerturatuko da larunbateko saioa dadaismora. Zer izan zen mugimendu hori? Nola zertu zen literaturan? Zertan da egun?

Saioaren bukaeran, Beñat Sarasolak Gabriel Arestiren lan bat gogoratuko du. Zehazki, bere azkeneko poema liburua, Harrizko herri hau. Bi zatitan banatutako liburua, Arestiren lan ezagunenaren, Harri eta herri-ren, ildoan kokatu daitekeen obra da, baina baditu hainbat ezberdintasun nabarmen ere. Horretaz guztiaz solastuko da Sarasola.

'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera ETB1en.