Itxi

sautrela

Gaur, 15:00etan

Pako Aristi idazleari elkarrizketa, denboraldiko lehenengo 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Idazleak bere azkeneko obra aurkeztuko du: Urari ostutako poemak.

'Sautrela' letrei eta literaturari eskainitako ETB1eko saioak denboraldi berriari ekingo dio Pako Aristiri egindako elkarrizketa batekin. Idazle ezaguna da urrestillarra oso gazterik, 1985ean, Kcappo nobela argitaratu zuenetik. Ordutik hona makina bat liburu atera du, genero ugaritan, eta oraingoan poema liburu batekin datorkigu: Urari ostutako poemak. Hamarkada bat baino gehiago igaro da aurreko poema liburua, Libreta horiko poemak. Ahots heldu bat ageri den poema liburua da, iraganari begiratu eta joan den denbora aztertzen duena: ilusioak, zaputzak, amodioak... Hainbat urteren ostean, bere burua euskal literaturaren baitan nola ikusten duen galdetuko dio Hasier Etxeberriak, eta horrez gain, zer dela eta ibili den azken urteotan literatura baino politikari buruzkoak idazten.

Saioaren gainontzeko zatian Orixe idazle handia izango dute ardatz. 'Sautrela'ren historia luzeko hasierako erreportaje bat berreskuratuko dute, Kirmen Uribek eta Miel Anjel Elustondok egina, hain zuzen ere Orixeri buruzkoa. Han ikusiko dira, Orixeri buruz mintzatzen, Joxe Mari Aranalde jada zendua, Joxe Azurmendi eta Paulo Iztueta. Dokumentu aparta orexarraren bizitza eta obraren gainean gehiago jakiteko.

Horren harira, Beñat Sarasolak Orixe beraren lan ezagunenetako bat aztertuko du: Euskaldunak. 36ko gerra aurretik idatzi bazuen ere, ez zen 1950. urtea arte argitaratu. Euskal poema nazionala izateko idatzia izan zen Aitzolen enkarguz, baina lortu al zuen bere helburua? Literarioki obra nabarmena al da? Nola irakurtzen da gaur egun? Horiei guztiei buruz ariko da Sarasola.

Ohiko legez, larunbatetan izango dugu ikusgai 'Sautrela', 15.00etatik aurrera, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea