Itxi

sautrela

15:00etan

Garazi Kamioren lehen eleberriaz, gaur, 'Sautrela' saioan

EITB

Horrez gain, literaturgintzan horren garrantzitsua den dokumentazio lana aztertuko dute erreportajean.

3:14

Garazi Kamio idazlea izango dute gaur arratsaldean 'Sautrela' saioan, Elkar etxearekin argitaratu berri duen Orube abandonatuak nobela hizpide hartuta. Hiru garai ezberdinetako hiru istorio gurutzatzen ditu bere lehen eleberri honetan: 36ko Gerra ondoren Belchiteko kontzentrazio esparrutik herrira bueltan datorren Mario, heroinarekiko menpekotasuna uxatu nahian borrokan dabilen Miren, eta Maider, ingurukoek berengandik espero dutena betetzeko fikzio bat eraiki duen emakumea. Hari fin batek lotzen ditu hiru istorioak, zeinetan orube abandonatu fisikoez gainera, orube abandonatu moralak ditugun halaber. Duela urtebete Agustin Zubikarai beka jaso eta haren eskutik idatzi du bere nobela estreinakoa. Liburuari buruz galdegingo diote Kamiori, bada. Nolakoa izango ote da idazketa prozesua? Nolakoa izan da ipuinetik nobelarako igarobidea? Nolatan bururatu zaizkio hiru istorio horiek?

Gainera, saioaren iraganeko zakutik Xabier Gantzarainen erreportaje bat berreskuratuko du 'Sautela'k. Literaturgintzan, eta bereziki nobelagintzan, garrantzia izaten du sarri askotan dokumentazio lanak. Iraganeko edo urrutiko istorioak presentera ekartzeko xehetasunak ondo jakin behar izaten ditu idazleak egiantzekotasuna lortu nahi badu. Dokumentazio lana honen inguruko eskarmentu eta ideiak azalduko dituzte Edorta Jimenezek eta Lutxo Egiak.

Azkenik, Beñat Sarasolak Tere Irastorzaren lehen liburua izango du mintzagai, 1980ko Gabeziak. Gerora aski ahots poetiko indartsua bilakatuko zenaren lehen urratsa izan zen ordukoa. Ez zitzaion polemikarik falta izan gainera, Sarasolak azalduko duen moduan.

'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera, ETB1en.

TB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea