sautrela
15:00etan
2014 urteko literatur albiste garrantzitsuei errepasoa 'Sautrela'n
EITB
Jasone Osoro, Juan Luis Zabala eta Beñat Sarasola idazleak solasaldi mahairen inguruan bilduko dira joan zen urteko albisteak, argitalpen nagusiak, gabeziak eta korronte sendoenak identifikatzeko.
Programa berezi batekin emango dio hasiera 'Sautrela' saioak urte berriari. 2014 urtearen errepasoa egingo dute mahai-inguru baten bidez: zeintzuk izan dira 2014ko literatur albiste nagusiak? Zeintzuk argitalpen nabarmenenak? Gabeziak? Korronte sendoenak? Ez dirudi printzipioz aurreko urteetako gisako obra erraldoirik (Twist, Martutene, etab.) argitaratu denik igaro berri den urtean, baina benetan horrela izan da? Egon al da akaso medioek jaramon handirik egin ez dioten baina nabarmentzea merezi duen obrarik?
Horretarako hiru gonbidatu ekarriko ditu 'Sautrela'k mahaiaren bueltara. Jasone Osoro, idazle ezaguna izateaz gain Idazleen Elkarteko lehendakari izendatu dute joan den urtean. Juan Luis Zabala Berriako kazetari eta idazlea, zeinak gure literaturaren egunerokoa jarraitzen duen artez. Azkenik, 'Sautrela'ko lankide Beñat Sarasola idazle eta kritikaria, normalean iraganeko liburuez mintzatzen bada ere, oraingoan 2014koei buruz ariko da.
Ez dira ugariak izan 'Sautrela'ren historian egin diren mahai-inguruak. Berrehungarren saioren harira egindakoa batetik, eta Durangoko Azokaren inguruko berezia bestetik. Honakoa, bada, hirugarrena izango dugu, urte oso bati errepasoa egingo dion lehena. Joan den urte literarioari neurria hartzeko parada ezin hobea eskainiko dute Osoro, Zabala eta Sarasolak.
'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.
>en.