Itxi

sautrela

15:00etan

Mila Salterainen 'Erresumaren ilunsentia', gaur, 'Sautrela'n

EITB

Horrez gain, emakumeek egindako literatura eta emakume-literaturaren azkeneko urteetako garapena aztertuko ditu saioak Laura Mintegi eta Nerea Azurmendirekin.

Aste honetako 'Sautrela'k idazle berri bat aurkeztuko du, Mila Salterain, eta haren lehenengo eleberria, Erresumaren ilunsentia. Nobela historikoa da, XII. mendeko Durangaldean kokatua, Bizkaiak Nafarroako Erresuma utzi eta Gaztelako Erresumara joan zenekoa. Ikerketa historiko batean du iturburu nobelak, eta Salterainen lana izan da testuinguru eta giro historiko horiek pertsonaia eta gertakizunetan bilbatzea. Nobela korala da, pertsonaia ugariz hornitua; batzuk historikoak eta beste batzuk fikziozkoak.

Horrez gain, hogeita hamar urte igaro dira Laura Mintegik eta Nerea Azurmendik emakumeek egindako literatura eta emakume-literatura aztertzen zuten artikulu bana argitaratu zutenetik. Urte horien guztien ostean, zertan aldatu da egoera? Ba al da emakume-literaturarik? Zein da emakumezko idazleen egoera Euskadin? Aurrera egin du hamarkada hauetan? Zer dago hobetzeko? Galdera hauei guztiei erantzuna emango diote Mintegik eta Azurmendik aste honetako erreportajean.

Beñat Sarasolak, bere aldetik, poema-liburu bat berreskuratuko du. Jose Luis Otamendi egungo poeta estimatuenetako bat da, eta haren obra nagusienetako bat ekarriko du Sarasolak: Lur bat zure minari. 1996an argitaratutako lan hau Otamendiren ibilbidean mugarritzat jotzen dute.

Azkenik, Joseba Sarrionandiak hizkuntzaren gaiari helduko dio iurretarrari eginiko elkarrizketaren aste honetako zatian. Nola ikusten ote du euskararen egungo egoera? Bere euskarak ba ote du uherrik hainbeste denboran Euskal Herritik kanpora bizi ondoren? Zer iritzi ote du euskara batuaren eta euskalkien arteko dialektikaren inguruan?

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.