Itxi

sautrela

15:00ean

Antonio Casado da Rocharen azkeneko liburuaz, gaur, 'Sautrela'n

EITB

Horrez gain, Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI), egile eskubideak kudeatzeko jaio den elkartea ezagutuko dute.

4:31

Aste honetako 'Sautrela'n, Antonio Casado da Rocha izango dute gonbidatu. Bigarren poema liburua atera berri du, Islandiera ikasten, liburu jori bezain zalua. EHUko Filosofia Fakultatean egiten du Antonio Casadok lan bioetikaren esparruan, eta Henry David Thoreau-ren gure arteko aditu nabarmenetakoa da. Orain lau urte eman zuen argitara bere estreinako poema liburua, Esku ezkerraz, non, neurri batean bederen, bere euskaldunberritasunari buruz idatzi zuen. Oraingoan ere hizkuntza kontuak ditu oinarri, liburuaren tituluak aditzera ematen duen legez, baina baita, horrekin batera, beste hainbat kontu ere: atzerriko espazioak, eguneroko bizitzako kontuak, euskal literaturako erreferentziak… Horiexek guztiak izango dituzte mintzagai elkarrizketan.

Erreportajean Euskal Kulturgileen Kidegoa-ren (EKKI) berri emango du 'Sautrela'k. Egile eskubideak kudeatzeko jaio den elkartea da, estatu mailan SGAEk egiten duen lana Euskal Herrian egingo duena nolabait. Nortzuk osatzen dute elkartea? Ze helburu du? Nola funtzionatuko du? Horrekin lotuta eta, batez ere, nola eragingo diete berritasun horiek euskal idazleei? Kontu horiek argitzen ahaleginduko dira EKKIko idazkari Igor Estankona eta EIEko ordezkari Pako Aristirekin.

Azkenik, Beñat Sarasola Xabier Mendiguren Elizegiren nobela baten inguruan solastatuko zaigu, Berriro igo nauzu-ren inguruan. 1997an argitaratua, kartzelatik irten berri den preso bat du protagonista, eta esan liteke zenbait alderditan aurrekaria izan zela.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista