Itxi

sautrela

15:00ean

'After Banksy' liburu bikaina protagonista, 'Sautrela' saioan

EITB

Horrez gain, Axularren Gero liburuaren edizioa berriaren inguruan arituko dira Blanca Urgell filologoarekin.

2:47

Liburu aski berezia izango du 'Sautrela'k protagonista gaur. Obra sailkaezin horietako bat da, arte obra bat bere baitan, artefaktu bat. After Banksy du izena eta Eric Dicharry egile. New Yorkera egindako bidaia bat du abiapuntu, non Banksyren xerka zebilen arte munduko jende mordoa, artista ikusezina hirian zegoelakoan. Liburua, bada, Dicharryren burutazio, hausnarketa eta enparauekin osatzen da batetik, denak ere modu aski inorganikoan emanak, eta argazkiez bestetik, bidaia horretan ateratakoak ugari. Arte garaikidearen inguruan hausnartzeko bidea ematen du, beraz, After Banksyk, eta baita mundu garaikidearen gainean ere: mundu globalizatua, mundu digitala, mundu kaotikoa. Estreinakoz izango da 'Sautrela'n Dicharry.

Ondoren, mundu garaikidetik antzinakora egingo du jauzi erreportajeak. Izan ere, euskal klasikoetan klasikoenetariko bati buruz jardungo da saioa, Axularren Gero-ri buruz. Berriki apailatu du liburuaren edizio berri bat Blanca Urgell filologo adituak. Edizio berriari buruz ez ezik, obrari berari buruz jardungo dira Blanca berarekin eta Patxi Salaberrirekin bada. Zer garrantzia du Gero-k? Zertan da hain nabarmen? Zergatik edizio berri bat egiteko premia?

Azkenik, Beñat Sarasolak Uztapide bertsolariaren liburu sonatuena gogoratuko du: Lengo egunak gogoan. Nola ez, Auspoa sailean argitaratutako obra izan zen, 1974an plazaratua eta berehala eskurik esku ibili zena.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

/strong>