Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Zientzia eta teknologia saioa

Semaforoak autobusen zerbitzura, 'Teknopolis'en

A.E

EiTB

Zientzia udalekuen inguruko erreportajea ere izango da aste honetan.

Aste honetan, 'Teknopolis' saioan, semaforoak autobusen zerbitzura jartzeari erreparatuko diote. Ehun mila pertsonak erabiltzen dituzte egunero Donostiako 27 autobus-lineak. Erabiltzaile-kopuru handia da, eta puntualtasuna ere horrelakoa da: zerbitzu guztien % 98 ordurako iristen dira. Semaforoetan autobusei lehentasuna emateko sistemak, besteak beste, eragin nabarmena izan du puntualtasun-datuetan.

Horrez gain, saioak zientzia udalekuen berri emango du. Oraindik uda iristeko hilabete pare bat falta da, baina prestaketak egiteko garaian gaude. Gazteentzako Zientzia Udalekuak aukera bikaina izan daitezke etxeko gaztetxoentzat.

Elkarrizketaren tartean, berriz, Leire Cancio Elhuyar Fundazioaren zuzendari nagusi berriari elkarrizketa egingo diote. Elhuyar Fundazioan aldaketa-garaia bizi dute. Etorkizunerako hobeto prestatzeko, eta, hala, zientzia-euskara bikoteari bultzada eraginkorragoa emateko, egokitzapen handia egin dute egituran. Horren guztiaren berri emango digu Leire Canciok.

Azkenik, argia eta nahasmendu bipolarraz arituko dira. Nahasmendu bipolarra nerbio-sistema zentralari eta burmuinari eragiten dien buruko gaitza da. Faktore askok eragin dezakete gaitza, eta horietako bat argi-aldaketa da. Nazioarteko talde batek, tartean Arabako Unibertsitate Ospitaleko ikerketa-talde bat, aztertu du argi-aldaketak nahasmendu bipolarraren hasierarekin duen erlazioa.

'Teknopolis saioa gaur ETB-1en izango da ikusgai 23:35ean eta asteazkenean ETB-2n 00:30ean.