Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Patata barietate berriak nola sortzen dituzten aztergai 'Teknopolis'en
EITB
Ekoizpenaren inguruko saio honetan, Neiker-Tecnaliaren patata hobetzeko ikerketa zentroan izango dira, eta horrez gain, propietateak eta Arabako patataren historia aztertuko dituzte.
Arkautin, Araban, du Neiker-Tecnalia erakundeak patata hobetzeko ikerketa-zentroa eta aste honetako 'Teknopolis' saioa hara joan da bisitan. Hozkailu batean germoplasma banku bat dute, argia, tenperatura eta likido berezitan gordetzen dituzte patata landareak eta horiexek dira patata-barietate berrien abiapuntua. Landare bakoitzaren ezaugarri konkretuak kontuan izanda, konbinazioak egiten dituzte: hau oso emankorra da, hura gaixotasunei erresistentea edo jateko goxoa. Horrela, zortzi urte daramatzate nahasketak eginez, patata-aita eta patata-amak elkartuz, barietate berri bat lortu arte. 'Teknopolis'ek hori nola egiten den erakutsiko du, pauso guztietan: germoplasma bankua bisitatuko dute, polinizazio 'manuala' ikusiko dute, intsektuak egiten dutena bezalakoa, eta dastaketa probetan ere egongo dira.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen den 100 kilo patatatik, 83 Arabakoak dira. Zergatik Araba? Erantzuna historian bilatu behar da. David Palanca Eusko Jaurlaritzako osasun saileko langileak Arabako patataren historiari buruz hitz egingo du 'Teknopolis'en. Kontatuko du nola iritsi zen patata Arabara, eta nola sortu behar izan zuten gizakiek kontsumitzeko ohitura. Azkenik, errepublikaren garaian eman zion bultzadaz hitz egin du Palancak.
Uraz gain, patataren osagai nagusia almidoia da. Almidoia eta zelulosa molekulak ia berdinak dira, baina glukosa atomoen loturak ezberdintzen ditu. Marrazkiez baliatuko da 'Teknopolis' ezberdintasun hori ezagutzeko.
Amaitzeko, Aguraingo Celigueta enpresan egongo da 'Teknopolis'. Patataz betetako kamioia Celiguetara iristen denetik txips poltsa betetzen den arteko prozesua ezagutuko dute. 15 minututan patatak txips bihurtzen dira.
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da 13:30ean ETB1en; eta igandean, 09:45ean, ETB2n.
ETB2n.