Teknopolis
Asteburuan ikusgai
Gorotzetako mikrobiota sendagai, "Teknopolis" saioan
EITB Media
Gorotzetako bakterioetan oinarritutako botikei buruz hitz egingo dute.
-
Iñaki Leturia "Teknopolis" saioaren aurkezlea. Irudia: EITB Media
Gorotz-transplanteak. Jakinmina pizten du hitzak berak. Baina zer dira? Aste honetako "Teknopolis" programan gorotzetako bakterioetan oinarritutako botikei buruz hitz egingo dute. Jakina da hesteetako bakterioak ezinbestekoak direla osasunerako, eta, horregatik, pertsona osasuntsuen mikrobiota zenbait gaitz tratatzeko erabili nahi da. Horretan dihardu Mikrobiomik enpresa bizkaitarrak.
Sarean eskatologiarekin eta koprologiarekin lotutako hainbat kontu xelebre aurkitu dituzte: kaka egiteko jarrera egokiak, dinosauroen gorotz fosiletan aurkitutako intsektuak, mugikorrarekin komunera joatearen arriskuak…
Arriskuez ari garela, geroz eta konektatuago egoteak, norbanakoak zein industria, arrisku zibernetikoa dakar. BRTA aliantzako hainbat zentro ziberrerasoei aurre egiteko teknikak garatzen ari dira, izan ere, azkenaldian azpiegitura kritikoei egindako erasoak areagotzen ari dira, eta baita enpresa zein norbanakoei zuzendutakoak ere. Erasoei aurre hartzea zaila da, baina ongi prestatuta egoteak lagunduko du.
"Teknopolis" larunbatetan emititzen da ETB1en, 13:30ean; eta igandeetan ETB2n, 11:30ean. eitb.eus-en ere tarte horietan ikusi daiteke, eta Nahieran plataforman ere badago saioa ikusgai.