Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Ingeniaritza mundua hobetzeko, asteburu honetan, "Teknopolis" saioan

EITB Media

Aste honetako programan etorkizun jasangarriago batera iristen lagun dezaketen proiektu batzuk ezagutuko dituzte. Covid iraunkorra ere izango dute hizpide, eta CIC Biogunen egiten ari diren ikerketaren berri emango dute.

  • Ingeniaritza proiektuen inguruko saioa

    Ingeniaritza proiektuen inguruko saioa. Argazkia: Elhuyar Fundazioa

Mundu arduratsuago bat lortzeko abiapuntu asko egon daitezke, eta ingeniaritza da horietako bat. Aste honetako "Teknopolis" programan etorkizun jasangarriago batera iristen lagun dezaketen proiektu batzuk ezagutuko dituzte: energia berriztagarriz hornituta dabilen scooter bat, kartoizko nukleoa duen surfeko ohola, Senegalera joango den plastikoak birziklatzeko makina bat...

Mondragon Unibertsitarearen EKO Campusean izango dira. Izan ere, Energiaren ingeniaritza eta Ekoteknologia prozesu industrialetan graduetako ikasleek proiektu berritzaileak garatzen dituzte, eta Nazio Batuen garapen iraunkorreko helburuak txertatzen dituzte planteamendutik bertatik.

Covid iraunkorra ere izango dute hizpide. Covid-19a izan ondoren, pertsona batzuek ezin izan diote egunerokoari lehen bezala eutsi. Batzuek buruko mina izaten dute, nekea, arnasa hartzeko zailtasuna... denek ez dituzte sintoma berdinak, baina gaitz horren atzean gaixo guztiak batzen dituena zer den argitu nahian dabiltza ikertzaileak. Gaixoen testigantzak jasoko dituzte, eta CIC Biogunen egiten ari diren ikerketaren berri ere emango dute.

"Teknopolis" saioa larunbatean eskainiko da, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 12:15ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahalko dira.