Tribuaren Berbak
Abenduaren 3an
Euskararen Egunean estreinatuko da ETB1en "Tribuaren Berbak" saioaren denboraldi berria
Euskarari eta hizkuntzei buruzko dibulgazio saioa bueltan dugu, Kike Amonarrizek eta Izaro Arrutik aurkeztuta. Londresen grabatutako lehen atala, 'Hizkuntzen mundua', hainbat euskaltegitako ikasleen aurrean aurrestreinatu zen astearte goizean, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan.
-
Kike eta Izaro. Argazkia: EITB Media
"Tribuaren Berbak", euskarari eta hizkuntzei buruzko entretenimendu eta dibulgazio saioa, Euskal Telebistaren programaziora itzuliko da. Euskararen Egunean estreinatuko den denboraldi berrian, Kike Amonarrizekin batera, Izaro Arruti izango dugu gidari. 22:15ean hasita, ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango dugu lehen atala.Hizkuntzen mundua izango da estreinakoa, eta Izaro eta Kike Londresera joan dira munduko eta Europako hizkuntzen inguruko informazio bila, bertan bizi diren euskaldunen zein bertako herritarren iritziak jasotzera.
Bezperan, lehen atala primizian ikusteko aukera izan dute Ulibarri, Gabriel Aresti eta Juan Mateo Zabala euskaltegietako ikasleek, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan antolatutako ekitaldian. Bertan egon dira bi aurkezleak, Kike eta Izaro, proiekziora etorriko diren lagunekin solasean aritzeko.
Kike Amonarriz, Izaro Arruti eta Unai Iparragirre, ekitaldian
Euskara erdigunean jarrita, "Tribuaren Berbak" saioak gure hizkuntza ardatz duten edukiak sortuko ditu, begirada positiboz eta modu eraikitzailean. Euskara munduko hizkuntzarik zaharrenetakoa bada ere, gaur egungoa, sofistikatua eta modernoa dela erakusten duten gaiak landuko dituzte, emozioa, harridura eta jakinmina piztuko dutenak. Arituen esperientziak eta bizipenak eta adituen ekarpenak bilduko dituzte, ohiko euskaltzaleak ez ezik, ikusle arruntak ere erakarri asmoz.
Lehen atala: Hizkuntzen mundua
Londresen bizi diren hainbat euskaldunekin izango dira Kike eta Izaro, tartean, ikus-entzunezkoen munduan lan egiten duen Garazi Goiarekin, eta euren proiektuak bertan garatzen ari diren Bea Asurmendi abeslariarekin eta Mikel Acosta Hegoa Diskak etxeko sustatzailearekin. Halaber, European Language Equality Network erakundearen presidente Elin Haf Jones galestar euskalduna eta Edinburgon euskara irakasle den Dylan Inglis elkarrizketatuko dituzte, besteak beste.
Horrekin batera, euskaraz idatzitako errotulu bat deskubrituko dute Kikek eta Izarok Big Ben ezagunaren pare-parean, Tamesis ibaiaren beste aldean, baita Euskal Herriko zazpi probintzietako euskalkien mapa 1863an argitaratu zuen establezimendua ere.


