Txoriene
Miramonen
'Txoriene' saio berria aurkeztuko dute ostiral honetan
EITBren Donostiako egoitzan, Miramonen, aurkeztuko dute ETB-1en astelehenetik aurrera hasiko den gastrotalk saio berria. Xuban Intxaustik aurkeztuko du eta sukaldari bat izango du gonbidatu astero.
-
Txoriene
'Txoriene' sukaldaritza saio berria aurkeztuko dute ostiral honetan EITBren Donostiako egoitzan, Miramonen. Astelehenean hasiko da gastrotalk hau eta sukaldari bat izango du gonbidatu astero Xuban Intxausti aurkezleak.
Euskal Herriko gastronomia sare indartsua osatzen duten jatetxe eta sukaldariak izango dira protagonista saio honetan. Garrantzitsuak, dena dela ere, Euskal Herriko gastronomia esparrua ehotzen duten %90a direlako, saioaren arduradunek dioten legez. Eurek dira hemengo gastronomiaren muin eta funtsa, eta euren lanari bultzada ematea da asmoa. Nola lan egiten duten erakutsi, non ikasi duten, eta jatetxearen nondik norako guztiak jakinarazi nahi dituzte.
Atal bakoitzaren aurkezpena gonbidatutako sukaldariaren jatetxean egingo dute; sukaldariaren giroa eta bere ingurukoak ezagutarazteko. Eta, ondoren, saioan bi plater prestatuko dituzte. Sukaldariak bere platererik ezagunenak prestatzeko aukera izango du aste guztian. Saioko bi jaki egingo dituzte: bata laburra eta bestea landuagoa.
Ekoetxe enpresak jarritako etxe ekologiko bat izango da saio honen platoa. Etxea EITBko egoitzaren sarrerako lorategian dago jarrita, erabat kristalezkoa eta modernoa da. Bertan egingo da bihar saioaren aurkezpena. Ekitaldian, Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendariak, Alberto Arizkorreta 'Txoriene'ren zuzendariak eta Xuban Intxausti saioaren aurkezleak parte hartuko dute. Halaber, aurkezpenean egongo dira 'Txoriene'ko atal ezberdinetan parte hartu duten sukaldariak: Izaskun Olano (Bartzelona, Legorreta), Mamen Ollokiegi (Kako, Astigarraga), Dogartzi Izagirre (Zintziri Errota, Bakio), Aitor Llanos (Donibaneko Sagardotegia, Muskiz) eta Aiert Izagirre (Mujika, Mutiloa).