Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Alzheimerra hizpide, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EITB

Xabier Madariagak aurkezten duen 'Memoria hutsa' atalak gertutik ezagutuko ditu Alzheimer gaixotasuna duten pertsonen eta gaixoen senideen egunerokotasuna.

0:25

50.000 Alzheimer kasu inguru daude Euskal Herrian, eta 15 urteren buruan kopurua bikoiztu egingo da, adituen arabera. Gaitza sortzen duten arrazoiak oraindik argitu gabe badaude ere, gaixoei zein horien gertukoei bizitza nola aldatu dien ezagutuko dugu gaur 'Ur Handitan' saioan.

Arantxa Gurmendik Alzheimerra du, eta gaixotasunaren aurpegi publikoetako bat bilakatu da, berak hala erabakita. Lehenik ere, antzerkian, zineman zein telebistan ibilitakoa, batzuek 'Goenkale'ko Hortentsi izenarekin agurtzen dute oraindik. Alzheimerra lehen pertsonan ezagutuko dugu Arantxarekin berarekin eta Antton Elosegi senarrarekin.

Etxetik kanpo, kalera irten eta lagunekin biltzeaz gain, AFAGI Alzheimerra edo beste dementzia bat duten gaixoen, senideen eta lagunen Gipuzkoako elkarteak antolatzen dituen tailerretan pasatzen du denbora gaur egun Arantxak. "Alzheimer" hitza aipatzen duenean, jendea beldurtu egiten dela dio, eta batzuetan baztertuta ere sentitu dela. Duela hilabete pare bat, egunkariak irakurtzeari utzi zion, titularrak ulertzea ere kostatzen zitzaiolako. Dantza eta abestia, ordea, guztiz barneratuta ditu eta bere egunerokotasuna alaitzen dute biek.

Begoña Rodriguez pasaitarraren senarrak, Martinek, alegia, duela bederatzi urtetik du Alzheimerra. Izaera aldaketa eta erreakzio arraroekin hasi zen dena; Begoñak, ordea, ez zuen ikusi nahi. Ondo gogoratzen du egoera jasanezina bihurtu zenekoa, egoitza batean ingresatu behar izan baitzuen. Egoera hori bigarren dolu baten antzekoa dela dio Begoñak, "urte luzez alboan izan duzun pertsona desagertzen baitoa".

Javi Yanguas medikuak, Alzheimerrak gaixoarengan duen eraginak azaltzeaz gain, gaixotasuna bizkortu dezaketen ezaugarri ezberdinen inguruko hausnarketa egiten du, eta gaixoak duen inguru soziala, abilezia fisikoak edota psikologikoak azpimarratzen ditu.

Saioko beste protagonistetako batzuk Andoni Tolosa Morau kantaria eta haren arreba Miren Tolosa izango dira. Haien amak 10 urtez jasan zuen Alzheimerra, eta duela hilabete batzuk hil da. Berriki, Morauk oso disko berezia argitaratu du, ama zaintzen aritu zeneko bizipenak kantu moduan azalduta.

'Ur Handitan' saioa AFAGI elkartera joanegongo da, elkarte horretako psikologo eta gizarte langileek egiten duten lana bertatik bertara ikusi eta erabiltzaile batzuekin hitz egiten.

Alzheimerrari buruzko saioa, beraz, gaur gauean, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.