Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

N-121-A errepidearen errealitatea aztergai, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EiTB

Irun eta Iruñea elkartzen dituen errepidea hedabideetan hizpide nagusi bilakatu da berriz ere, bi hilabeteren buruan lau pertsona hil eta gero.

0:32
N-121 errepidea, Ur Handitan

Irun eta Iruñea elkartzen dituen N-121-A errepidea izango dute aztergai, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan. Europako joan-etorrietarako bidea da, doakoa. Egunean 11.000 ibilgailu inguru pasatzen dira bertatik; horietatik heren bat kamioiak dira. Horrek guztiak ondorio zuzenak ditu herritarrengan. Besteak beste, azken bi hilabeteetan lau pertsona hil baitira errepide horretan. 

Horietako baten senideekin izan da Xabier Madariaga. Mikel Manzano eta Arantxa Altuna Mikelen gurasoak dira. Urtarrilaren 11n, Mikelek bizia galdu zuen bere lagun Xabier Tabernarekin batera. Autoan beste lagun bat ere bazegoen, eta zauritua atera zen. Istripua Olagueko saihesbidean izan zen; 2002tik zortzi hildako izan dira tarte horretan, N-121-A errepidearen hirugarren tarte arriskutsuenean. Bi hilabete baino ez dira pasatu, baina ahal duten guztia egingo dute errepide honi konponbidea aurkitzeko, beste inor ez dadin hil. 

Erramun Martiarena irundarrak N-121-A errepidearen inguruan duen lehen oroitzapena bere gelakide baten amaren istripuarena da. Gerora, lankide, ikasle eta lagunak eta anaia bera ere galdu ditu errepidean. Inguruan bizitako drama sozialak eraman du Erramun N-121-A errepidea azken 30 urteetan aztertzera. Azken hamar urteotan 31 lagun hil dira errepide horren Nafarroako zatian. 

Joseba Lasa eta Mila Alzugaraik beren larruan pairatu dituzte errepidearen ondorioak. Duela sei urte Beran izandako istripuak elbarri utzi zuen Joseba. Gurpil aulkian ibiltzen ikasi du, baina gidatzen jarraitzea lortu du. Milaren kasuan, istripuak Irungo lana utzi eta kotxea ezinbesteko egoeretan soilik hartzera eraman du. Bi bidasoarrek azpimarratzen dute euren biziak markatu dituzten istripuak gainditu ez, baina asimilatu egin dituztela, betiko beraien baitan egongo baitira. 

Joxe Mari Lertxundi, Miren Camisón eta Aritz Berako Zalain auzoko bizilagunak dira, eta N-121-A etxetik metro gutxira dute. Egunero, 3.000 kamioi baino gehiagoren zarata zein kutsadura pairatzen dute. Loa zein deskantsua kentzen dizkie, eta baserri alboko istripuetan larri zauritutako pertsonak artatzea ere tokatu izan zaie. 

Joxe Mari Ibarra Arraitzeko Bentan bizi da. Berak bi ikuspuntu ditu errepidearekiko: alde batetik, auzokide gisa, haren ondoan bizi baita, eta beste aldetik, kamioilaria gisa. Egunero, muga zeharkatzen duen kamioi-trafiko bizia jasan behar izaten du. 

N-121-A errepidearen errealitatea, "Ur Handitan" saioan, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.