Itxi

Ztanda

Ztanda

Ztanda

Estreinaldia

Igandean estreinatuko da ETB1en "Ztanda", Euskal Herriko abeslari onena aurkitzeko talent show berria

EITB MEDIA

17 eta 24 urte arteko hamahiru lehiakidek hartuko dute parte, 15.000 euroko saria jokoan. Barbara Goenagak aurkeztuko du saio berria, Iker Villarekin batera. Klara Mendizabal, Leire Martínez eta Beñat Rodrigo 'Kiliki Frexko' arituko dira epaimahaikide lanetan.

  • "Ztanda" saioaren aurkezle, epaile, irakasle eta lehiakideak

    "Ztanda" saioaren aurkezle, epaile, irakasle eta lehiakideak. Argazkia: EITB

Igande honetan, urriak 29, estreinatuko da ETB1en "Ztanda" musika eta dantzako talent show berria, Euskal Herriko abeslari onenaren bila. Barbara Goenaga aktore donostiarraren gidaritzapean, 17 eta 24 urte arteko 13 gazte arituko dira kantuan eta dantzan, eta irabazleak 15.000 euroko saria lortuko du. Saio bakoitzak hamarkada jakin bateko musika izango du oinarri, eta euskal kantak zein mundu mailakoak entzungo dira. Aurreneko programan, 90eko hamarkadako abestiak gogoratuko dituzte.

Iker Villa aktore eta musikaria izango du ondoan Barbara Goenagak aurkezle lanetan, eta epaimahaia goi mailako hiru adituk osatuko dute: Leire Martínez La Oreja de Van Gogh taldeko ahotsa; Klara Mendizabal sopranoa; eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko Chill Mafia taldeko kide eta abeslaria.

Horrez gain, lehiakideek bi irakasleren laguntza izango dute erronkei aurre egiteko: Adrian Garcia de los Ojos aktore eta musikaria kantu kontuetan, eta Eider Rodriguez dantzari, koreografo eta Bamboo Dance konpainiako kidea, berriz, dantza arloan. Saioaren ibilbidean zehar, gainera, musika munduko adituen eta abeslari ezagunen bisitak jasoko dituzte ezustean. 

'ZTANDA' saioko aurkezleak eta epaimahaikideak

'ZTANDA' saioko aurkezleak eta epaimahaikideak

Adrián García de los Ojos eta Eider Rodríguez.

Adrián García de los Ojos eta Eider Rodríguez.

13 lehiakide

Ondorengoak dira oholtza gainean arituko diren 13 gazteak: Danel Arteaga (Sondika, 19), Enara Arregi (Azpilkueta, 21 urte), Erik Retamosa (Beasain, 24), Gaizka Fernandez (Lekeitio, 21), Itxaso Alberdi (Azkoitia, 17), Jon Castañeda (Zornotza, 22), Jon Sortelle (Getxo, 21), Julen Leturiondo (Eibar, 22), Miriam Lujua (Bilbo, 24), Nahia Ricoy (Sopela, 17), Naiara Trifol (Zeberio, 21), Violeta Goñi (Gasteiz, 19) eta June Navascues (Bilbo, 17). Azken hori sare sozialen bidez hautatu dute, eta gainontzekoak, berriz, aurrez aurreko casting bidez.

Lehiakideak

Lehiakideak

Bi kanporatu, lehen saioan

Astero, hiru fase izango ditu programak. Lehen fasean, lehiakideak talde handiagoetan aritu beharko dira, eta bigarren fasean talde txikiagotan zein bakarka kantatzeko aukera izango dute. Ondoren iritsiko da arriskuan egongo direnen arteko duelua, eta hor jakingo da nork utziko duen programa. Saioko irabazlea nor den ere iragarriko da igandero. Aste honetako programan, salbuespen gisa, bi lehiakide izango dira kanporatuak, bata lehen fasea bukatzerako eta bigarrena dueluaren ondoren.

"Ztanda" talent show berria igandero izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Programa bukatutakoan, gainera, atala ikusgai izango da PRIMERAN streaming plataforman.