Ztanda
Musika talent show berria
Leire Martínez, Klara Mendizabal eta Kiliki Frexko, "Ztanda" programa berriko epaimahaikideak
EITB MEDIA
Barbara Goenagak aurkeztuko du talent showa, Iker Villarekin batera. 13 lehiakidek hartuko dute parte, eta garai guztietako euskal kantak interpretatu beharko dituzte, baita nazioartekoak ere. Hiru epaimahaikide horiek epaituko dute lehiakideen lana, eta irabazleak 15.000 euroko saria eskuratuko du.
-
"Ztanda" saioko epaimahaia eta aurkezleetako bat
Leire Martínez, Klara Mendizabal eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko izango dira "Ztanda" ETB1eko talent-show berriko epaimahaikideak. Urriaren 29an iritsiko da EITBra, Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztutako saioa berria, eta hamahiru lehiakidek hartuko dute parte bertan, 15.000 euroko saria eskuratzeko.
Garai guztietako euskal kantak interpretatu beharko dituzte, baita nazioartekoak ere; batzuk jatorrizko bertsioan, eta beste batzuk eguneratuta. Programa bakoitzean bi kanta interpretatuko dituzte, eta Leirek, Klarak eta Kiliki Frexkok osatutako epaimahaiak izango du astero horiek epaitzeko ardura.
Iker Villa Baraja (Barakaldo, 1995) euskal abeslari eta aktorea da. Barakaldoko Revolta Permanent rap taldean eman zituen lehen pausoak oholtza gainean, eta gaur egun STR talde bizkaitarreko abeslarietako bat da. Horrez gain, Euskal Telebistako "Go!azen" telesail arrakastatsuan ere ikusi genuen aktore lanetan.
Leire Martínez Otxoa (Errenteria, 1979) pop abeslaria da, La Oreja de Van Gogh talde ezagunaren ahotsa, 2008az geroztik. Milioika disko saldu eta munduari hamaika buelta eman dizkio talde donostiarrak. 2007an, telebistako musika lehiaketa ezagun batean eman zuen bere burua ezagutzera Leirek.
Klara Mendizabal Santamaría (Donostia, 1985) sopranoa da. Psikologian lizentziatu ondoren, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan egin zituen erdi mailako ikasketak; goi mailakoak, ondoren, Musikenen. Azken urteetan, orkesta eta banda ezberdinekin ikusi dugu kantuan, baita Euskal Telebistan ere, "SOS Kantak Arriskuan" saioan aurkezle lanetan.
Beñat Rodrigo Kiliki Frexko (Iruñea, Arrotxapea, 1999) Nafarroako Chill Mafia musika taldeko abeslarietako bat da. Tronpeta ikasketak egin ditu musika kontserbatorioan, eta, Chill Mafian ez ezik, Jah Goikoa eta Reggae Zaharra taldean ere aritzen da musikari.
Barbara Goenagak aurkeztuko du saioa, Iker Villarekin
Casting-ak bukatuta
Guztira, 13 lehiakide arituko dira kantuan saio berri honetan. Programa berriko 12 lehiakide aurrez aurreko casting bidez aukeratu dira; eta hamahirugarrena, berriz, on line lehiaketa bidez. Jada badugu azken horren izena: @juneemoonn