Ztanda
Bigarren denboraldia
Ivan Requejo izango da "Ztanda"ko 13. lehiakidea
EITB Media
Online castingera aurkeztu zen Anoetako 23 urteko gaztea eta berak eskuratu du Golden ticket delakoa. Urriaren 6tik aurrera, gainerako 12 lehiakideekin batera lehiatuko da oholtza gainean, abeslari onenaren titulua lortzeko.
-
Ivan Requejo "Ztanda" saioko 13. lehiakidea. Argazkia: EITB Media
Ivan Requejo 23 urteko anoetarrak lortu du Ztandako Golden Ticketa eta, hala, Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztutako musika talent-showaren 13. lehiakidea bihurtu da. Duela aste batzuk abian jarri zuten online castingera aurkeztu zen Ivan, a capela abesten kantu bat grabatu, eta TikTok sareko bere kontura igo zuen, beste hainbat lagunek bezala. Pozarren dago Ivan, berak igotako bideo hori Ztandako epaimahaikideek gustuko izan dutelako.
10 urterekin murgildu zen musika munduan. Orain, musika pedagogiako ikasketak amaitzen ari da Musikenen, eta, aldi berean, hainbat taldetan jotzen du. Berarentzat aukera paregabea da Ztandan aritzea, eta coachen irakaspenak jasotzeko irrikaz dago.
Ivan gainerako 12 lehiakideei batuko zaie, Miramongo plato ikusgarrian izango den lehian. Ander Rodriguez, Arima Garcia, Beñat Arizabaleta, Garazi Gil, Jon Alonso, Jürgen Landa, Lara Beriain, Leila Askaso, Naroa Iglesias, Nerea Bengoetxea, Silbel Berra eta Xabier Echevarria oholtza gainean arituko dira hamar astez, Euskal Herriko musika izar berria bihurtzeko ametsarekin.
Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria, Klara Mendizabal sopranoa, Alex Sardui Gatibuko abeslaria eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko Chill Mafia taldeko kide eta abeslaria arituko dira abeslarien jarduna epaitzen. Emanaldiak prestatzeko, bestalde, bi coach izango dituzte: Adrian Garcia de los Ojos musikaria, ahotsa lantzen laguntzeko eta Paula Bujanda dantzaria, koreografiak prestatzeko.
Artistarik onenak 15.000 euroko saria eskuratuko du, baita Euskal Herriko abeslari onenaren titulua ere.