Itxi

Zuek hor

Gaur arratsaldean

Altxatu musika talde nafarra, 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioan

A.A.

EiTB

Hitza disko berria aurkeztuko dute Maria Amolategik musikari eskainita gidatzen duen tartean. Aste honetako tablet-a irabazteko zozketan sartzen diren tuitak ere ikusiko ditugu.

Asteazkenero legez, musikari eskainitako tartea zabalduko dute gaur 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioan. Maria Amolategi Sugan taldeko abeslari izandakoak gidatzen duen tartea da, hain zuzen ere, eta oraingo honetan, Altxatu musika talde gaztearen bisita hartuko du. Hitza disko berriaren nondik norakoak azaltzeaz gain, zuzenean joko dute platoan Ibai Osinaga (gitarra eta ahotsa), Iker Ariz (bateria) eta Julen Abaurrea (baxua) nafarrek.

Eta tablet bat irabazi nahi? Jon Urbietak zuzenean egingo duen galderari Twitter bidez erantzun beharko diozue #zuekhor etiketa erabiliz. Aste osoko parte-hartzaileak ostiraleko zozketan sartuko dira, eta tablet zoragarri bat irabazteko aukera izango dute.

Bestalde, Agurne Anasagastik Haritz Gallastegi eta Edurne Garmendia kazetariak eta Nagore Osoro arraunlari eta Zumaiako patroia izango ditu lagun eguneko tertulian.

'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioa Anjel Alkainek eta Iker Galartzak aurkezten duten Nuntzeberry albistegi ganberro eta umoretsuarekin hasiko da.

Ohi denez, umorezko zenbait esketx izango dira ikusgai saioan zehar: Intzak Hik sukaldarien atala, Olasagastiren eta Irutxunberriren desafio berri bat, Torreviejan dauden bi euskaldunen hausnarketa eta Mario Vaquerizoren tartea. Alkain eta Galartzarekin batera, Asier Hormaza arituko da aktore lanetan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista