Itxi

Zuek hor

Gaur, 22:30ean

Gari eta Zuriñe Hidalgo hartuko ditu Alkainek 'Zuek hor!' saioan

A.E.

EiTB

Andoitz eta Gorane haurrak, 'La Jaio', Argiñano eta Berasategi eta Paulino izango ditu Anjel Alkainek elkarrizketarako laguntzaile.

Orain arte ETB1eko bazkalosteak poztu dizkiguten Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia asteazken gauetan arituko dira saio berri batekin. Hala ere, hirukotea ez da bakarrik arituko. Izan ere, elkarrekin lotura duten baina aldi berean bizimodu ezberdina duten bi gonbidatu hartuko dituzte astero 'Zuek hor!' saioan.

Lehenengo saioa indartsu dator, Gari (Hertzainak talde mitikoko abeslaria) eta Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko abeslari eta 'Sorgintxulo' saioko aurkezlea) elkarrizketatuko baitituzte. Biek ezagutu dute arrakasta, baina lehenengoak urte ugari daramatza agertoki gainean, eta bigarrena, aldiz, hasiberria dela esan genezake.

Saioa Anjel Alkainek gidatuko badu ere, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza izango ditu alboan, baita pertsonaia ugari ere: Andoitz eta Gorane haurrak, 'La Jaio' euskal txoni zarbasta, Argiñano eta Berasategi sukaldariak, Paulino... Denen artean, saio umoretsua egingo dute. Helburu nagusia, gonbidatuek ondo pasatzeaz gain, euren zereginetan onak direla erakustea izango da.

Zuzenean musika jartzen, musika talde zoragarri bat izango da platoan: Zukutu banda! Urte asko dira ETBko saio batek ez duela banda bat zuzenean jotzen! Gainera, saioa biribiltzeko, Aitzol Barandiaranek eta bandako kideek abesti ezagun baten bertso bertsioa egingo dute saioaren nondik norakoaren inguruan, zuzenean.

'Zuek hor!', gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB1en.

>