Itxi

Zuek hor

22:30ean

Barbara Goenaga eta Reyes Prados, gaur gauean, 'Zuek Hor!!' saioan

EITB

EITB

Bata, euskal herritarra, etxean hasi zen lanean, eta kanpoan ere lortu du miresmena; besteak, sevillarrak, berriz, euskaldunak konkistatu gaitu!

Bi fenomeno izango dira gaur gauean, 22:30ean, ETB1eko 'Zuek Hor!!' saioko gonbidatuak. Bi emakume dira, eta bakoitza oso ona da bere lanean. Baina biek kontrako bidea egin dute: bata, euskal herritarra, etxean hasi zen lanean, eta kanpoan ere lortu du miresmena. Bestea ez zen Euskal Herrian jaio, baina euskaldunen bihotza irabazi du.

Barbara Goenaga aktore donostiarra da. Hiru urte besterik ez zuen aktore lanetan hasi zenean. Euskal Telebistan egin zituen lehen urratsak, baina azken urteotan kanpoan ere miresmen handia lortu du. Zineman nahiz telebistan aritu izan da, eta Goya sarietarako izendapena ere lortu zuen 2008. urtean Oviedo Express pelikulan egindako lanagatik.

Reyes Prados telebistako aurkezle sevillarra da. Maitasunaren atzetik etorri zen Euskal Herrira bizitzera, eta 'Euskadi Directo' saioan aurkezle lanetan aritu zen. Orain, urtebetean euskara ikasteko gai izan da eta, sevillarra izan arren, euskaraz bizitzea lortu du.

Anjel Alkainek eta Aitziber Garmendiak gidatuko dute elkarrizketa umoretsua, baina ez dira bakarrik arituko lan horretan. 'Zuek Hor!!' saioko sofan beste hainbat eseriko dira: Aitor Gabilondo, Gorane eta Andoitz haurrak, La Jaio euskal txoni poligonera, Karlos Argiñano eta Martin Berasategi, Ingalaterrako erregina eta bere seme Charles belarri handia, Paulino…

Aitzol Barandiaran bertsolariak biribilduko du saioa, elkarrizketan zehar gonbidatuek aitortu dituzten bitxikeriekin bertso-bertsio musikatu bat egingo baitu zuzenean, Zukut Band taldearen ezinbesteko laguntzarekin!

'Zuek Hor!!' saioaren helburua gau alai eta umoretsua igarotzea da, gonbidatuekin barre egin eta euren zereginetan benetan onak direla erakustearekin batera.