Zuek hor
22:30ean
Joseina Etxeberria eta Aitor Mazo, gaurko 'Zuek hor!!' saioan
EITB
Gonbidatuek euren ibilbide profesionala errepasatuko dute saioko pertsonaia dibertigarrienekin batera, besteak beste, Ingalaterrako erregina, Balen apaiza eta Paulino.
Gaur gauean, 'Zuek Hor!!' saioak Joseina Etxeberria eta Aitor Mazo izango ditu gonbidatu. Lehenengoa, 25 urtetik gora irrati esatari modura dabil lanean, eta bigarrenak bizitza osoa aktore lanetan eman du.
Joseina Etxeberria ataundarra da jaiotzez, baina urte asko daramatza Donostian bizitzen. Gaztea irratiaren sorreratik bertan dihardu esatari lanetan, eta gaur egun 'dida!' irratsaioko aurkezlea da.
Aitor Mazo aktore bilbotarra da. Estatu mailan telebista serie ugaritan aritu izan da lanean, baita Ocho apellidos vascos edota Airbag filmetan. La máquina de pintar nubes edota Bypass bezalako filmetan zuzendari lanak ere egin ditu.
Saioa Anjel Alkain eta Aitziber Garmendiak gidatuko dute, baina bertan izango dira, nola ez, Andoitz eta Gorane haurrak, La Jaio txoni poligonera, Ingalaterrako erregina eta bere seme belarrihandia, Balen apaiza, Paulino eta bere Pauli-record, etab. Gonbidatuen biografia ezkutuak ere ezagutuko dira saioan, eta Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarra ere bertan izango dira galderak egiten. Gainera, Paulino errekor berri bat hausten saiatuko da. Lortuko ote du?
Aitzol Barandiaran bertsolariak biribilduko du saioa, eta elkarrizketan zehar gonbidatuek aitortu dituzten bitxikeriekin, bertso-bertsio musikatu bat egingo du zuzenean Zukutu Band taldearen ezinbesteko laguntzarekin.
'Zuek Hor!!' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en.