Zuek hor
22:25ean, ETB1en
Xabier Saldias eta Maria Amolategi, gaur, 'Zuek Hor!!' saioan
A.E.
EiTB
Elkarrizketatzaile gonbidatua Ilaski Serrano izango da. 22:25etik aurrera, han izango dira Aitor Gabilondo, Aitzol Barandiaran eta Zukutu Banda, La Jaio, Torreviejakoak, Isabel erregina...
Musika izango da aste honetako 'Zuek Hor!!' saioaren ardatza; izan ere, Xabier Saldias kantari beteranoa eta Maria Amolategi kantari eta aurkezlea izango ditugu gonbidatu. Galderak egiten, berriz, Ilaski Serrano aurkezlea arituko da.
Xabier Saldias abeslari azpeitiarra da. 70eko hamarkadan Egan taldea sortu zuen, eta Euskal Herrian plazaz plaza aritu da ordutik erromeriak alaituz.
Maria Amolategi 28 urte dituen abeslari ordiziarra da. Telecinco kateko 'La Voz' saioan egin zen ezagun, Rosario abeslariaren taldean arituta. Sugan taldeko abeslari ere izan da, eta orain Matilda talde berriarekin dihardu. Uda honetan, ETB1eko 'Stars, Izarrak Kalean' saioko aurkezle arituko da.
Bi kantari hauei galderak egiteko, Ilaski Serrano kazetari bermeotarra fitxatu du ETB1eko saioak. 21 urte besterik ez zituela hasi zen Gaztea irratian esatari lanetan, eta ordutik makina bat saio aurkeztu ditu, bai irratian baita telebistan ere.
Astero bezala, Aitor Gabilondok gidatuko du saioa, baina bertan izango dira Andoitz eta Gorane haurrak, La Jaio txoni poligonera, Isabel erregina eta bere seme belarrihandia, Torreviejako gizonak, Ritxi frutti di mare eta bere koinatua. Denen artean, saio umoretsu bat egitea izango dute helburu.
Aitzol Barandiaran bertsolariak biribilduko du saioa, elkarrizketan zehar gonbidatuek aitortu dituzten bitxikeriekin bertso musikatu bat egingo baitu zuzenean, Zukutu Band saioan zuzeneko musika jartzeaz arduratzen den talde zoragarriaren laguntzarekin.
Umorea, musika eta tarte dibertigarria pasatzea nahi izanez gero, asteazkenero, 22:25ean, 'Zuek hor!!' ETB1en eta eitb.eus-en!