X-gaztea maketa lehiaketa-X

X-gaztea maketa lehiaketa-X

Maketa Lehiaketa

Elkarrizketa

“Aurtengo Maketa Lehiaketan egungo korronteetako artistak aurkitu ditugu, baita musikari ortodoxoagoak ere"

Berezi Fernandez | EITB Media

Izaro, Josu Billelabeitia eta Julen Idigoras dira aurtengo Maketa Lehiaketako epaimahaikideak. Entzun dituzten maketen inguruan aritu dira.

  • Josu Billelabeitia, Izaro Andres eta Julen Idigoras

    Josu Billelabeitia, Izaro Andres eta Julen Idigoras. Argazkia: Gaztea

Izarok, Josu Billelabeitiak (Belako) eta Julen Idigorasek osatu dute aurtengo Maketa Lehiaketaren epaimahaia. Musikaren munduarekin lotura estua duten aldetik, tribunaleko hiru kideek inork baino hobeto dakite Gaztearen lehiaketak musikaren munduan lehen urratsak ematen ari direnentzat izan dezakeen garrantzia.

Izan ere, Josu Billelabeitiak berak azaldu duenez, Belako taldeari "ateak ireki" zizkion 2012ko Maketa Lehiaketa irabazteak. "Hasi berriak ginen, zentzu guztietan; ez genekien zelan sortu musika, ezta zelan antolatu kontzertuak. Tabernetan botatzen genituen maketak", adierazi du Billelabeitiak. Orduan, lehiaketan izena eman eta "ezustekoan" harrapatu zien garaipenak.

Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izan zuen Mungiako taldeak. "Oso esperientzia polita" izateaz gain, euren musika ezagutzera emateko balio izan. Jaialdiko kontzertuaren ostean, "Euskal Herri mailan ezagun egiten hasi eta lekuetatik deitzen hasi" zirela azaldu du Josuk.

04:51

Aurtengo edizioa

Aurten, "korronte berrietako musika" zein musikari "ortodoxoagoak" aurkitu dituzte Izarok, Josuk eta Julenek Maketa Lehiaketan parte hartu duten artisten artean. Hala, kolore guztietako musikariak deskubritu dituzte izena eman duten ia 100 artisten artean.

Irizpide zurrunak eta norbere gustuak alde batera utzi nahi izan dituzte aurtengo epaimahaikideek. Bilatu duten horri buruz galdetuta, musikari batzuen "naturaltasunak" arreta eman diela esan dute hirurek. Egiazkotasuna, gogoa eta grina ere kontuan hartu dituzte: "Batzuetan zaila da audio bitartez grina sumatzea, baina aintzat hartu dugun zerbait da".

Datorren asteazkenean, urriak 27, Gazteak 2021eko Maketa Lehiaketako hautatuen zerrenda publikatuko du. Gero, bozketa fasea abiatu eta azaroaren 25an emango zaio bukaera aurtengo edizioari, final handiko ekitaldiarekin.