Albisteak

Informazioa

Bay of Biscay jaialdiak egunez eguneko egitaraua aurkeztu du

Itziar Urdapilleta | Eitb.eus

Horrez gain, gastronomia programaren berri ere eman dute antolatzaileek gaur goizean Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

  • Bay of Biscay 2019

    Bay of Biscay 2019

Bay of Biscay jaialdiaren antolatzaileek egunez eguneko egitaraua aurkeztu dute gaur goizean Bilbon egindako agerraldian.

Jaialdiko lehenengo egunean, uztailaren 26an, Caravan Palace, Fuel Fandango, Mon Laferte, Angel Stanich, Anita Parker, Dekot eta Papaya Set disko-jartzailea igoko dira Bermeoko oholtza gainera.

Hilaren 27an, berriz, Rufus Wainwright, Backyard Babies, Tarque, The Mani-Las, James Room, Lemy River eta ON&ON disko-jartzailearen txanda izango da.

Lameran emango diote bukaera bosgarren edizioari, uztailaren 28an. Lehenik eta behin, Anita Parker izango da protagonista; ondoren, Zona Cero, The Bronson eta Sex Museum taldeen kontzertuek beteko dute musikaz herria.

Wave Rave

Crystal Fighters talde britainiarrak Wave Rave jaialdia gidatuko du uztailaren 25ean, Bermeon. Crystal Figthersek ez ezik, Hinds, Belako eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek joko dute. DJ Marfox eta Bad Gyal ere izango dira bertan musika jartzen.

Gastronomia egitaraua

Arrantza tradizioa ardatz hartuta, ekitaldi gastronomikoak eta produktuen erakusketak hartuko ditu Lamerak egun horietan, eta dastaketak eta showcooking-ak ere egingo dituzte.

Paulo Airaudo, Ander Gonzalez, Andoni Luis Aduriz eta Xabier Gutierrez sukaldariek hartuko dute parte.