Albisteak

Aurkezpena

Berri Txarrak konpainia onean arituko da Kobetan

Itziar Urdapilleta | Eitb.eus

El Drogas, Iseo, La MODAko David Ruiz eta Aiora Renteria ere igoko dira oholtza gainera hirukote nafarrak uztailaren 14an emango duen kontzertu handian.

0:46
Berri Txarrak

Berri Txarrak taldeak lagun artean esan nahi du agur, bai agertokian bai handik kanpo ere. Hori dela eta, kontzertu handia antolatu du uztailaren 14rako Kobetan, Bilbao BBK Live jaialdiaren eremuan. Gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan eman dute zuzenekoaren xehetasunen berri.

2018ko abenduan behin betiko agurra iragarri ostean, segituan agortu ziren Ikusi Arte Tour birako kontzertuetarako sarrera guztiak. Horrenbestez, inor kanpoan utziko ez zuen emanaldia antolatuko zuela esan zuen Berri Txarrakek.

Gaurko agerraldian iragarritakoaren arabera, "Berri Txarrak Lagunartean" izena jarri diote kontzertuari. El Drogas, Leire (Iseo), David Ruiz (La M.O.D.A.), Aiora Renteria (Zea Mays) eta Iñaki Altolagirre "Matxet" (Jousilouli, Naizroxa) igoko dira oholtza gainera egun horretan. Abestiak gonbidatuen arabera moldatuko dituztela azaldu dute taldekideek.

Gonbidatu gehiago iragarriko dituzte aurrerago, "hamar bat" artista gehiago ere izango direlako.

Jarduera osagarriak

Berri Txarrak taldearen kontzertuak luze joko du, 21:00etan hasi eta gauerdian amaituko baita. 16:00etan zabalduko dituzte ateak; izan ere, emanaldi laburrak, kale-antzerkia, zirkua, bertsolariak eta dantza ere antolatu dituzte.

Sarrerek 35 euro balio dute helduentzat, zortzi euro 3-11 urtekoentzat eta euro bat hiru urtetik beherakoentzat.

Autobusa eta metroa

Autobusez joan ahal izango da San Mamestik Kobetara, baita BECetik ere, 15:30etik 02:00etara. Metroak ere zerbitzu berezia eskainiko du.