Gaztea

Jaialdiak

Bilbao BBK Liveko gida II: eskumuturrekoa, motxilak, ordainketak, janaria eta kontsigna

B. F. | EITB Media

Aurtengo Bilbao BBK Liven inguruan jakin beharreko guztia eta hainbat gomendio bilduta, gida praktiko bat osatu dugu Gaztean.

  • Bilbao BBK Live

    Bilbao BBK Live. Argazkia: EFE

Bilbao BBK Live jaialdia Kobetamendira bueltan izango da uztailaren 7, 8 eta 9an. Festibalera gerturatuko direnen mesederako, informazio praktikoa biltzen duen gida berezia osatu dugu Gaztean. Bi aletan banatu dugu: garraioa eta kanpalekuari dagokiona batetik, eta jana eta edanari dagokiona bestetik.

ESKUMUTURREKOA

Aurtengo edizioko eskumuturrekoa aldean eramatea beharrezkoa izango da kontzertuen esparruan sartzeko, baita autobus berezietara igotzeko ere.

Eskumuturrekoa non jaso

-Sala BBK: Uztailaren 4, 5 edo 6an 11:00etatik 20:00etara; edo 7an, 11:00etatik 15:00etara.

-BEC!: Uztailaren 6, 7, 8 edo 9an 10:00etatik 02:00etara.

-San Mames: Uztailaren 6, 7, 8 edo 9an 10:00etatik 02:00etara.

Nola kargatu eskumuturrekoa

Kobetamendiko zerbitzuak erabiltzeko ere cashless sistema (eskudirurik gabekoa) erabiliko dute. Hala, festibaleko saltokietan ez dute eskudirurik ez txartelik onartuko.

Hortaz, jakiak eta edariak ordaintzeko, beharrezkoa izango da eskumuturrekoan doan txarteltxoa diruz kargatuta izatea.

Bilbao BBK Liven webgunean, aplikazioan eta jaialdian bertan kargatu daiteke eskumuturrekoa.

ZER SARTU DAITEKE ESPARRURA?

Festibalera poltsa edo motxila bat eraman nahi izanez gero, baimendutako neurriak kontuan izan beharko dituzu. Gehienez, 50x40x25 (altuera, zabalera, lodiera) zentimetroko motxila eta poltsak sartu ahal izango dira.

Poltsak neurtzeko, aireportuetan maletak neurtzeko erabiltzen diren gailu antzekoak izango dira. Motxila barruan ezin izango da botila, jaki ezta objektu zorrotzik eraman.

KONTSIGNA

Aurten, giltzapeko armairuak jarriko dituzte jaialdiko sarreran eta kanpalekuan. Erabiltzaileek 24 orduz izango dute apalategitik gauzak sartu eta ateratzeko aukera. Hiru tamainatako apalak egongo dira, 13 eta 45 euro bitarteko prezioan.

Jaialdiko antolatzaileek ohartarazi dutenez, armairuen erreserba lehenbailehen egitea komeni da, oso mugatuak baitira. Hemen aloka dezakezu zure apalategia.

JANA ETA EDANA

Festibalaren webgunean irakur daitekeenez, ezin izango da edaririk eta janaririk sartu. Hala ere, komunen inguruan eta kanpalekuan iturriak egongo direla argitu dute.

Jakien kasuan, bertako saltokietan kontsumitu beharko da. Aurtengo eskaintza gastronomikoaren inguruko informaziorik publikatu ez duten arren, "era guztietako janariak egoteko lanean" ari direla jakinarazi dute.