09:49

Gaztea

Jaialdiak

Bilbao BBK Liveko gida I: nola iritsi eta kanpalekuari buruzko informazio guztia

B. F. | EITB Media

Astebete falta da Bilbok bere musika jaialdirik garrantzitsuenari ateak irekitzeko. Aurtengo Bilbao BBK Liven inguruan jakin beharreko guztia eta hainbat gomendio bilduta, gida praktiko bat osatu dugu Gaztean.

  • Bi neska, Bilbao BBK Liveko kanpalekuan

    Bi neska, Bilbao BBK Liveko kanpalekuan. Argazkia: Bilbao BBK Live

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Bi urteko etenaren ostean, Bilbao BBK Live jaialdia Kobetamendira itzuliko da uztailaren 7, 8 eta 9an. Festibalera gerturatuko direnen mesederako, informazio praktikoa biltzen duen gida berezia osatu dugu Gaztean. Bi aletan banatu dugu: garraioa eta kanpalekuari dagokiona batetik, eta jana eta edanari dagokiona bestetik.

NOLA IRITSI

Autobusak

Aurten, doako autobus zerbitzu berezia antolatu du Bilbao BBK Livek. Kobetamendira joan zein bertatik bueltatzeko aukera egongo da. Igotzeko autobusak San Mames ingurutik abiatuko dira, EITBren egoitzaren atzealdetik (Basurtuko Kaputxinoak kalea); baita Barakaldoko BEC!etik (Ansio metro geltokiaren ondoan) ere. Autobusera igotzeko, beharrezkoa izango da Bilbao BBK Liveko eskumuturrekoa eta musukoa aldean eramatea.

Ordutegiak:

Asteazkena: 12:00/00:00

Osteguna, ostirala eta larunbata: 24 orduz

Igandea: 00:00/15:00

Bestela, jaialdiko antolakuntzak aurrez erreserbatu daitekeen ordainpeko autobus zerbitzua jarriko du martxan. Aurten egingo dute lehen saiakera, "modu esperimentalean". Bidaiaren kostua 1,50 eurokoa izango da, ostegunetik larunbaterako zerbitzuetarako balioko du (igoerarako soilik) eta jaialdiaren webgunetik erreserbatu beharko da, aldez aurretik.

Ordutegiak:

Osteguna, ostirala eta larunbata: 16:00/23:00

Metroa

Festibalak iraun bitartean, Metro Bilbaok ordutegi bereziak eskainiko ditu gauetan. Ostegunetik igandera, zerbitzu bereziak egongo dira 23:00etatik 03:00etara bitartean.

Ostiralean eta larunbatean, gau osoan zehar egongo da metro zerbitzua. Metro Bilbaoren webgunean kontsulta daiteke ordutegia.

Autokarabanen parkinga

Bilbao BBK Livera autokarabanaz datozenentzako parking berezia prestatu du jaialdiak BEC!en (43°17'05.5¿N 2°59'34.4¿W / 43.284864, -2.992879). 70 partzela izango ditu, horietako 25, elektrizitatearekin. Ur konexioa izango da, baita euri ur zein ur beltzen kutxetak husteko tokia ere.

Ekainaren 29ko 10:00etan irekiko dituzte ateak, eta uztailaren 22ko 13:00etan itxiko dute autokarabanentzako parking berezia.

Oinezko ibilbidea

Sasoiko daudenek, oinez egin dezakete festibalerako bidea (edo buelta) plano honetako argibideei jarraituta.

Bilbao BBK Livera oinez igotzeko planoa

Bilbao BBK Livera oinez igotzeko planoa

KANPALEKUA

Jaialdiko kanpin gunea kontzertuen esparrutik hiru kilometro ingurura dago. Norberak eramandako kanpin dendentzat zein bertan alokatzeko dendentzat egongo da lekua.

Etxetik eramandako kanpin denden arauak:

-8 metro baino gutxiagoko neurria izan behar dute

-Kanpalekuko antolakuntzako langileek emandako gomendioak bete behar dira

-Ezin da ibilgailuz sartu (roulotteak, karabanak, furgonetak, kotxeak, motorrak…). Ibilgailuak jaialdiarentzat erreserbatutako aparkalekuan (BEC!) utzi beharko dira.

-Janaria eta edaria sar daiteke (jaialdiko esparruan ez bezala), baina sua egitea eta kanpin gasak erabiltzea debekatuta dago.

Prezioa: 18 euro pertsonako.

Ordutegiak

Asteazkenetik egongo da zabalik kanpalekua, jaialdiaren bezperan dendak patxadaz antolatu ahal izateko. Uztailaren 6ko 12:00etan irekiko dute, igandeko (uztailak 10) 15:00ak arte.

Lo egiteko tokia bertan alokatu nahi izanez gero, hainbat aukera izango dituzu, pertsona bakarrarentzako dendatik hasi eta zortzi lagun sartzen diren Emperor Tent delakoetaraino. Aurrez erreserba ditzakezu, hemen, 99 eurotik gorako (lau gauak) prezioan.

Dutxak eta komunak egongo dira, baita baliodun gauzak gordetzeko kontsignak ere. Azken hauek aurretik erreserbatzeko eskaera egin du antolakuntzak. Ez da kutxazain automatikorik egongo.

Azkenik, kanpalekuan taberna egongo den arren, jakiak eta edariak etxetik eraman daitezke.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean